Itxi

telebista

ETB

'Una Real Europea', gaur arratsaldean, ETB2n

A.A.

EiTB

ETBko kirol erredakzioak erreportaje berezia prestatu du Realaren inguruan. Aurtengo denboraldia aztertzeaz gain, talde txuri-urdinak bere historian Europan zehar egindako ibilbidea errepasatuko du.

Denboraldi bikaina osatu eta gero, Reala Europara bidean da. Hamar urteren buruan, eta Bigarren Mailan hiru denboraldiz aritu ostean, talde txuri urdinak Europan lehiatzeko txartela eskuratuko du. Gertaera horren harira, Euskal Telebistak erreportaje berezia prestatu du.

'Una Real Europea' da erreportajea eta ETBko kirol erredakzioak egin du. Loiola Altuna, Xabier Andueza eta Igor Sarriegi kazetariek, Muxika Lopetegi errealizadorearekin batera, egin dute eta gaur 14:00etan ETB2n ikusi ahal izango den saio berezia.

Bi zati izango ditu. Lehen zatian, Realak bere historian Europan zehar egindako ibilbidea errepasatuko du, hastapenetatik azken partaidetzara arte. 70eko hamarkadaren erdialdean lehiatu ziren donostiarrak estreinakoz Europan. 2003-2004 denboraldian jokatu zuten azkenezkoz Txapeldunen Ligan.

Garaian garaiko protagonistekin mintzatuko dira. Bizitako esperientziak gogora ekarriko dituzte Dioni Urreizti, Jose Mari Martinez, Jesus Mari Satrustegi, Juanan Larrañaga, Mikel Loinaz, Agustin Aranzabal, Aitor Lopez Rekarte eta Javi de Pedro jokalari ohiek.

Bigarren zatian, aurtengo denboraldiaren errepaso zabala egingo dute.  Momenturik onenak berreskuratuko dituzte, tartean, Bartzelonaren aurkako garaipena eta San Mameseko derbian lortutako bi puntuak. Horrekin batera, golak, zaletuen babesa erakusten duten irudiak eta urtean zehar bildutako adierazpenak berreskuratuko dituzte.

Azkenik, Xabi Prietok, Asier Illarramendik eta Antoine Griezmanek amaitzear den denboraldi borobilaren balorazioa egingo dute.

'Una Real Europea', ETB2n, 14:00etan.