telebista
22. atala
Iñaki, Oskar, Karen, Joxe eta Diana, finalistak
Marta eta Alex lehiaketatik kanpo gelditu ziren, lehena indar faltagatik eta bigarrena kaiman muturzabalen duelua galdu zuelako.
Azkenean bost lehiakide izango dira Iguazuko ur-jauzietako finalean. Marta eta Alex finalera iriseko hurbil gelditu ziren, baina ez zuten lortu. Marta indar gutxirekin heldu zen probara. Ordubetez lianatik eskegita egon zen, zorabiatzeko zorian, eta proba uztea erabaki zuen. Hor amaitu zen bere abentura. Sartu zen bezala atera zen programatik: inoren aurkako hitzik esan gabe eta aurpegia irribarretsu. Donostiarrak galdu duen bakarra "emakumezkoaren gorputza" izan da. Izan ere, asko argaldu zen. Joxek irabazi nahi duela esan zuen etxera joan aurretik Martak.
Karenek lortu zuen finalerako lehen txartela 22. atalean. Orioko ilehoriak joko ederra egin zuen, batez ere lianatik igotzerako orduan. Izan ere, iparrorratzarekin apur bat galduta ibili zen. Irabazteak, eta bere familiarekin izandako bideokonferentziak indarrez bete zuten Karen, eta finalean garaipena lortzeko lehiakideen artean dago. Joxek argi erakutsi zuen irabazteko gogotsu dagoela, Diana indar gutxirekin ikusi genuen eta badirudi Alex ez dela uste bezain gogorra.
Dueluan Joxe ziztu bizian abiatu zen kaiman muturzabala zegoen tokira eta ausardiaz eutsi zion. Hiru metroko luzera izan balu ere, Tarzanek bezala besarkatuko luke eta ez ziokeen ihes egingo. Merezi izan zuen finalerako laugarren txartela eskuratzea. Neskak patxada handiz ibili ziren krokodiloaren bila. Dianak horrela jokatzen du, zuhurtasunez. Ez da azkartzen eta ez du amorerik ematen. Lepotik eutsi zion kaiman muturzabalari eta ez zuen askatu finalerako txartela lortu zuen arte. Alexek ez zuen zorterik izan. Lotsakor aritu zen, zalantzaz, eta finalaren atean zegoela kanporatu egin zuten Alex. Lehiakide ona izan da. Piche taldekoa izan zen, gero Guanaco taldekoa, eta ondoren Puma taldekoa. Beti haize kontra, ibaian gora doazen izokinen bezala. Asteazkenean Marta eta Alex "El Conquis 2013" eztabaida-saioan izango dira. Gauza asko dituzte azaltzeko, hala nola saioaren urteroko une hunkigarriena. Familiakoen eta lagunen eskutitzek negar malkoz bete zuten kanpamentua. Oso bihozbera izan zen Oskarrek lehiakide gupidagabearen armadura horren azpian bihotza duela ikustea. Joxe ere asko hunkitu zen. Bere familiakoak eta lagunak harro egon daitezke bera bezalako laguna izateaz. Zintzoa eta naturala da Joxe.
Borobila izan zen "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren 22. atala. Eta hurrengoa ere ezin hobea izango da, final handia izango baita. Iguazuko ur-jauzietan jokatuko dute finala, eta 9 urteotako probarik gogorrena izango da. Oraingoan zorteak ez du ezer erabakiko, onenak irabaziko du. Iñaki, Oskar, Karen, Joxe eta Dianaren ordua iritsi da.