telebista
Lehiaketa berria
Euskal Telebistak 'Alégrame el Día' lehiaketa estreinatuko du igandean
A.E.
EiTB
Rico aurkezlea Euskal Herrian barrena ibiliko da bidean topatuko duen jendeari mota guztietako proba dibertigarriak proposatuz.
Euskal Telebistak 'Alégrame el Día' lehiaketa estreinatuko du igandean 22:30ean. Platoz kanpo grabatutako saioa Iñigo Iraultza Rico-k aurkeztuko du eta Aletxu Echevarriak zuzendutako The Blackout Project ekoiztetxeak egin du ETBrentzat.
Iñigo Iraultza aktore eta showman ezaguna Rico aurkezle lotsagabea izango da lehiaketa honetan. Kamera sorbalda gainean hartuta, kalera irtengo da bidean topatuko dituen pertsonak harritu, dibertitu eta saritzeko. Horrela, aurkezlearekin negoziatutako diru kopuru baten truke, kaleko lehiakideek Rico-k proposatuko dizkien erronkak gainditu beharko dituzte.
Probak edonon izango dira, botika batean, supermerkatuan, kalean, edo hondartzan, eta edozer gauza egiteko prest egon beharko dira lehiakideak: 45 oinetako-zenbakia duen pertsona bat topatu, kalean egiten duen tenperatura asmatu, edota beste sexuko pertsona baten adina asmatu begiak itxita.
Parte hartzea eta inprobisazioa
Freskotasun handiko lehiaketa izango da. Bai aurkezlea bai taldea inprobisazioz eta naturaltasunez arituko dira kalean topatuko duten jendearekin, eta kameren aurrean, edozein gauza gertatu daiteke. Horrela, grabazio taldeko kideak ezkontza batean ikusi ditzakegu, eta lehiakideren baten etxean bazkaltzen etxera. Era berean, probek norabide ezberdinak hartu ditzakete, eta kalean topatu dituzten lau emakumek hurrengo erronka grabatzeko prest agertu daitezke saioaren kamerak eskuan hartuta.
Gainera, nahiz eta lehiatu nahi ez izan, kalean topatuko dituzten hainbat pertsonekin arituko dira solasean. Izan ere, edozeini 'eguna alaitzeko' helburuarekin arituko da Rico kaletik.
Horrez gain, sare sozialen bidez zuzeneko harremana izango dute euren jarraitzaileekin. Ikus-entzuleek horrela, grabazioak egiteko herri edo lekuak proposatu ditzakete, lehiaketan parte hartzeko izena eman, edota erronka berriak proposatu. Gainera, 'Alegrame el Día' saioa pertsona zehatz batengana joan dadin eskatu dezakete.
Taldea
Jon Abasolok zuzentzen duen 'Alegrame el Día' lehiaketaren taldea zazpi pertsonek osatzen dute. Rico aurkezlea izango da eta berak negoziatutako du lehiakideekin diru kopurua. Jarrison saioaren zuzendaria da, eta Rico-ren mugimenduak oso gertutik jarraituko ditu. Aurkezlearen alboan, Garamaont ikusiko dugu beti; Ricoren lehengusua da, eta jolasteko moduko kamera txiki bat eramango du beti eskutan.
Maik eta Aldo, berriz, kamera profesionalak dira eta hainbat oztopori aurre egin behar izango diete Rico-ren abenturak jarraitzeko.
Raimon audioaren kalitateari begira izango da egun osoan, eta Jeenak, taldeko neska bakarrak, adi-adi jarraituko ditu Rico eta gainontzeko taldeen beharrizanak, poltsikoak diruz beteta dituela.