Itxi

telebista

Kirolak

'Atano III.a, 50 Urte' erreportajea, gaur, ETB1en

A.A.

EiTB

Donostiako pilotaleku mitikoaren historia biltzen duen ikus-entzunezkoaren ostean, 1984ko buruz buruko finala, Retegi II-Galartza III, eskainiko da.

3:00
Atano III, 50 urte

Atano III.a pilotalekuaren 50 urteko historia biltzen duen erreportajea eskainiko du Euskal Telebistak. Juanan Legorburu kazetariak eta Amagoia Legarra errealizadoreak prestatu duten 'Atano III.a, 50 Urte' saio berezia gaur gauean emango da ETB1en, 22:15ean.

Erreportajearen ostean, Julian Retegik eta Ladis Galartzak 1984an jokatu zuten buruz buruko finalaz gozatzeko parada izango dute ikus-entzuleek. Euskal Telebistak eskaini zuen lehen pilota partida izan zen final hura, zirraragarria oso, 22-21ko emaitzarekin amaitu baitzen bi nafarren arteko lehia.

Halaber, asteazkenean, 22:00etan, urteurrena ospatzeko antolatu den jaialdia emango da zuzenean. Atariko partidan lau pilotari gipuzkoar izango dira nor baino nor gehiago: Olaetxea-Merino II / Aritz Lasa-Rezusta. Neurketa nagusian, berriz, Olaizola II.ak eta Albisuk, Martinez de Irujo eta Zabaleta izango dituzte aurrez aurre. Egungo bi aurrelari onenak eta etorkizun oparoa duten bi atzelari.

Bestalde, ostiralean, 'Gure Bideoteka' tartean, beste bi partida historiko berreskuratuko ditu ETB1ek: 1989ko eta 1993 buruz buruko finalak, Retegi II-Tolosa eta Galartza IIII-Retegi II, hurrenez hurren.

'Atano III.a, 50 Urte'

Atano III.ak 50 urte beteko ditu uztailaren 17an. Jaialdi handi batekin inauguratu zuten orduan Anoeta pilotalekua zena. Buruz buru, esaterako, Azkaratek eta Atano X.ak jokatu zuten. Lehenengo sakea, berriz, historiako pilotari handienetako batek egin zuen: Atano III.ak.

50 urte hauetan Atano III.ean izan diren gertakari nagusiak bildu dituzte ordubeteko erreportajean. Lehenengo urteetako buruz buruko txapelketak gogoratuko dituzte, Azkarate eta Atano X.aren arteko lehiak. 68ko finaleko irudiak ere bai; Atano X.ak irabazi zuen. Hain zuzen ere Atano X.aren testigantza da saio berezi honetako ardatza lehenengo zatian.

1967ko bertso txapelketan Xalbadorri txistu egin ziotenekoa ere aipatuko dute; 1970ean Joseba Elosegik Francoren aurrean bere buruari su eman zionekoa era bai. Hori dena lehengo zatian.

Zati potoloa, Euskal Telebista sortu zenetik eman ditugun finalen laburpenek osatuko dute. 1984ko finalarekin hasita. Huraxe izan zen ETBk eman zuen aurreneko finala, Joxe Mari Iriondoren kontakizunarekin. Laburtu baino ez dituzte egin, kontakizuna jatorrizkoa da.

Hamaika partida aukeratu dituzte. Tartean dago Julian Retegiren hamaikagarren txapela, 1993koa. Galartza, Tolosa, Arretxe, Eugi, Beloki, Barriola, Irujo, Olaizola eta Bengoetxeak txapela jantzi zutenekoak dira besteak.

Pilotari horien guztien testigantzak ere jaso dituzte. Atano III.a pilotalekua beraientzat zer den eta final hura nola gogoratzen duten azalduko dute.