telebista
Errekortari 2013-Zezenbeltz Saria, uztailaren 25ean, Azpeitian
Errekortaririk onenak arituko dira nor baino nor Azpeitiko zezen plazan, tartean baita lehendabiziko emakume errekortaria ere. Saioa abuztuaren 1ean emango da ETB1en.
-
Errekortaria
Datorren uztailaren 25ean, Azpeitiko zezen-plazan, Errekortari 2013ren VII. edizioa eta Zezenbeltz Sariaren III. edizioa jokatuko da. Estatuko errekortari onenak bilduko dituzte saio berezi honetan, Errekortariren aurreko edizioetako irabazleekin lehiatzeko. Nabarmentzekoa, halaber, Carolina Delgado lehen emakume errekortariaren parte hartzea.
Azpeitiko feria 18:30ean hasiko da, Javier Molina (Sevilla) ganadutegiko zezenekin eta honako hau izango da lehiaketaren dinamika: hasteko, Estatuko lehen hamabi errekortarien artean III. Zezenbeltz Lehiaketako irabazlea erabakiko dute. Errekortari hau final handira pasako da eta, bertan, Errekortari lehiaketaren lau txapeldun historikoekin neurtuko ditu indarrak. Lehia honetatik aterako da Errekortari 2013ko txapelduna. Irabazlearentzat 3.007 euroko txekea izango da. Errekortariak maila handikoak dira, beraz, ikusgarria izango da ekitaldia.
Sarrerak ohiko tokietan egongo dira salgai, eta ostegunean, uztailaren 25ean, Azpetiko zezen-plazako sarrera lehiatilan. ETB1en, berriz, lehiaketa abuztuaren 1ean izango da ikusgai.
Adin guztietako jendeari zuzendutako ikuskizuna da errekortariena, zezenak ez baitituzte zauritzen. Ikuskizun entretenigarria eta emozioz betea da.