telebista
Estreinaldia
'Tu Edificio Favorito' igande honetan estreinatuko da ETB2n
A.H.
EITB
Jon Sistiaga, Juanma Bajo Ulloa, Elena Arzak, Javier Clemente eta beste hainbat lagun ezagunek Euskal Herriko eraikin garrantzitsuenak aurkeztuko dituzte Africa Baetak gidatutako saio honetan.
-
África Baeta. Argazkia: EITB
Igande honetan, 22:15ean, 'Tu Edificio Favorito' saioa estreinatuko du Euskal Telebistak ETB2n. Africa Baetak gidatuta, Euskal Herriko arkitekturaren lan esanguratsuenak lehian jarriko ditu saioak, eta hainbat lagun ezagunek gehien atsegin dituzten eraikinak aurkeztuko dizkigute.
ETBk, gainera, 'Tu Edificio Favorito' saioa aukeratu du aurtengo FesTValean, Gasteizko telebista jaialdian, aurkezteko. Denboraldi berriarekin, Euskal Telebistak dakarren eskaintza zabalaren ordezkaria izango da beraz, Africa Baetak gidatutako saioa, eta ostiralean, irailaren 6an aurkeztuko da, Gasteizko Principal Antzokian.
Astero, hiru eraikin
Astero, saioak hiru monumentu edo eraikinen, txoko eta sekretu guztiak erakutsiko ditu. Euskal arkitekturako hiru harribitxi aurkeztuko dituzte astero hiru lagun ezagunek.
Kursaal, Arriaga antzokia, Marques de Riscal hotela, Hondarribiko Paradorea, Tuterako Katedrala, Guggenheim museoa, Gasteizko Katedral Zaharra, Biarritzeko Hotel du Palais eta beste hainbat eraikin ezagutu ahal izango ditu ikus-entzuleak saio honi esker. Eta parte hartuko duten pertsona ezagunen artean izango ditugu Juanma Bajo Ulloa, Javier Clemente, Kepa Acero, David Barbero, Ramon Barea, Elena Arzak, Jon Sistiaga, Jose Luis Rebordinos, Mikel Urmeneta, Itziar Atienza, Helena Resano edota Martin Berasategi.
Zortzi astetan zehar, ikus-entzuleek aurkeztu diren eraikin artean aukeratu beahrko dute, eta euren botoa eman. Izan ere, publikoaren iritzia, guztiz erabakigarria izango da Final Handira igaroko diren zortzi eraikinak aukeratzeko. Finala zuzenean emango da eta ikus-entzuleek bertan erabaki beharko dute zein den Euskal Herriko eraikinik onena.
Lehenengo saioa
Igande honetan, 'Tu Edificio Favorito' ren lehenengo atala eskainiko du ETB2k, gaueko 22:15ean. Lehenengo emanaldi honek Itziar Atienza aktorearen partaidetza izango du eta Bilboko Iberdrola Dorrea aurkeztuko du. Martin Berasategui sukaldariak bere aldetik, Donostiako udaletxearen eraikuntzarako detaile eta bitxikeriak emango ditu ezagutzera, eta amaitzeko, David Barbero kazetari eta idazleak Orreagara eramango ditu saioren kamerak eta bertako kolegiata ikusgarria erakutsiko du.
Gromaz etxeak ETBrentzako egindako saioa da 'Tu Edificio Favorito', eta gure lurraldeko arkitektura esanguratsuena gertutik ezagutzeko modu berria da. Adituek, gonbidatu ezagunak lagunduko dituzte euren erakusketetan, eraikuntza bakoitzaren datu eta bitxikeri interesgarrien berri emanez.