telebista
22:15ean
'Reala: We are the Champions League', gaur gauean, ETB1en
A.H.
EITB
Realak txapeldunen Ligan jokatuko du aurten, eta erronka handiaren aurrean, zale eta jokalarien inpresioak bilduko ditu Zuhaitz Gurrutxagak.
Zuhaitz Gurrutxaga aurkezle eta Realeko jokalari ohiak gidatuta, 'Reala: We are the Champions League' saio berezia eskainiko du ETB1ek gaur gauean, 22:15ean. Talde txuri-urdineko jokalariak, jokalari ohiak eta zaletuak elkarrizketatuko ditu, eta Txapeldunen Liga nola bizi duten azalduko dute. Izan ere, Realak, Championseko gainontzeko taldeek bezalaxe, ez du jarraitzailerik falta, eta gipuzkoar zaleek gainontzeko zaleen inbidiarik ere ez dutela erakutsiko dute.
Orain dela hamar urtekoa nola bizi izan zuten azalduko dute garai hartako hiru jokalarik. Agustin Aranzabalek eta Aitor Lopez de Rekartek inoiz kontatu gabeko bitxikeria ugari kontatuko dituzte Zuhaitzen laguntzaz.
Realeko jarraitzaileen artean, Juan Carlos Izagirre Donostiako alkatea, Iker Galartza aktorea, Saioa Martija eta Juan Carlos Etxeberria kazetariak, eta Martin Berasategui sukaldaria euren bizipenaz arituko dira saioan.
Horrez gain, Realaren hainbat peñetako ordezkariekin izango da Zuhaitz. Alberto Francok, Madrilgo peña bateko zuzendariordeak, lagunartearen sorrerako zenbait bitxikeria kontatuko dizkio aurkezleari. Bestalde, Amarako Goazen Erreala lagunartea bisitatuko dute, eta giro ederrean, datozen hiru partidetarako plangintza prestatuko dute peñako kideekin batera.
Gainera, pasa den igande arratsaldeko partidan izan zen Zuhaitz, bertaratu ziren zaletuekin hitz egiteko asmotan. Bertan, Euskal Herriko eta hemendik kanpoko zaletu ugarirekin solastu zen.
'Reala: We Are The Champions League' asteazken honetan emitituko da, 22:15ean, ETB1en.