Itxi

telebista

ETB1en

'Kontrako Eztarria' umorezko albistegiaren estreinaldia, gaur gauean

A.H.

EITB

Astelehenetik ostegunera, 21:30ean izango da ikusgai eguneko albisteei punta aterako dien saioa.

6:58

Gaur gauean estreinatuko du ETB1ek 'Kontrako Eztarria', Anjel Alkainek, Xabier Euzkitzek, Iker Galartzak eta Jon Plazaolak gidatuko duten entretenimendu saioa. 'Gaur Egun' eta 'Eguraldia'ren ondoren emitituko da, astelehenetik ostegunera, 21:30ean, eta albistegietako berriak izango dituzte ardatz. Hori bai, ikuspegi propioaz azalduko dituzte egun eguneko gai nagusiak eta aktualitateari punta aterako diote.

ETBk ekoitzita, pertsonaiak, esketxak, kolaboratzaile berriek gidatutako sekzioak, ingelesa ikasteko aukera, lehiaketak, Maikrux ta Maikarmen edota Tzanpionza izango dira programa berriaren osagaiak.

Eta nola ez, umorea ez da faltako. Izan ere, taldeak argi dauka umorezko saio bat egiteko ezinbestekoa dela umorea eginez ondo pasatzea, eta duda gabe, horixe da 'Kontrako Eztarria' taldeko kideek lortu dutena. Xabier Euzkitzek, Anjel Alkainek, Iker Galartzak eta Jon Plazaolak euren ikuspegi pekuliarra eskainiko dute egun eguneko gaien inguruan.

Platoan egingo dute saioaren zati handi bat, albisteak izango baitira tartearen bizkarrezurra, eta 'albiste' horiek lantzeko kolaboratzaile bereziekin bat egingo dute, gai horiek lantzen lagunduko duten fikziozko pertsonaiak. Horien artean, Gibraltarren dagoen guardia zibila, Siriako berriemailea, edota zenbait politikari.

'Ekipo A' bilakatu dira iragarkirako

Atariko gisa,  'A taldea' telesail mitikoa oroituz telebista iragarkia grabatu dute. 'A taldea'ren taldekide bilakatu da programako lan-taldea pantailan laster izango direla iragartzeko: John Hannibal Smith (Anjel Alkain) koronela,  M.A. Baracus (Xabier Euzkitze) sarjentoa, H.M. Murdock zoroa (Jon Plazaola ) eta Faceman Peck tenientea ( Iker Galartza). Miramongo makillaje taldeak lan bikaina egin du, beste behin.