telebista
Igande honetan
'El Nuevo San Mamés' saio berezia, Jose Ituarteren eskutik
I.A.
Zelai berriaren aurreneko partiduaren aurretik aurkeztuko dizkigu saioak estadioaren txoko ezkutuak
"El Nuevo San Mamés" saio berezia eskainiko du igande gauean ETB2k. Inor baino lehenago sartu dira saioko kideak estadio berrira. Athletic-en instalazio berrien sekretuak erakutsiko dizkigu esklusiban Jose Ituarte aurkezleak. San Mameseko zelai berria zapaldu duen lehenetarikoa izan da Jose Ituarte, klubeko eta lanak egin dituen enpresa eraikitzaileko kideak kontuan izan gabe.
Kamera duen zortzi helizedun helikoptero txiki batek grabatutako irudi ikusgarrien bidez ezagutuko dituzte ikus-entzuleek Athletic-en instalazio berriaren xehetasun guztiak. Helikoptero elektrikoari esker, zelai guztian zehar mugitzeko aukera izango du "El Nuevo San Mamés" saioak, eta orain arte inork ikusi gabeko txokoak erakutsiko dizkigu.
Astelehenean, irailaren 16an, izango da Katedral berriaren estreinaldia, baina programa bereziko kideak horren aurretik izango dira bertan.
Athletic-eko Aritz Aduriz eta Andoni Iraola jokalariekin hitz egingo du Jose Ituartek, besteak beste: izan ere, jokalariek dagoeneko ezagutu dute zelaia, bertan entrenatzen izan baitira. Gainera, klubarekin harreman sakona duten hainbat lagunek estadio berriaren inguruan hitz egingo digute, hala nola Ana Urkijok eta Rafa Alkortak. Txema Montoya eta Patxi Alonso Athletic zale ezagunen iritzia ere jasoko du Jose Ituartek.
82ko Munduko Futbol Txapelketarako San Mames estadioaren eraberritze lanak zuzendu zituen Elias Mas arkitektoa ere saioan izango dugu.
"El Nuevo San Mamés" igandean, 22:30etik aurrera, izango da ikusgai, ETB2n eta eitb.com-en.