telebista
Astelehenetik aurrera
'Robin Food'en bosgarren denboraldia, prest
A.E.
EiTB
Egunero izango da ikusgai ETB2n 14:30ean. 110 kg gutxiago dituen David de Jorgek ikus-entzuleek bidalitako errezetak tuneatuko ditu, eta Martin Berasateguik ere bere ohiko tartea izango du.
-
David de Jorge
Datorren astelehenean, irailaren 30ean, 'Robin Food'en bosgarren denboraldia jarriko da abian. Ohiko freskura, intentsitate eta mamiarekin jorratuko ditu David de Jorgek sukalde kontuak. Inoiz baino grinatsuago eta gogotsuago dator telebistako sukaldaria, azken urtean 110 kilo galdu ondoren.
Euskal sukaldariak eta bere taldeak bazter guztiak nahastuko dituzte berriro. Egunero izango da programazioan (ETB2n, 14:30ean) 'Robin Food, Atracón a Mano Armada', eta orain arte izan duen izpirituari eutsiko dio: tontakeriarik gabeko jaki eta errezetak prestatuko ditu. Sofistikaziorik gabe arituko da sukaldean, entretenimendua eta rollo ona erruz eskainiz.
David de Jorgek balantzan pisatzen jarraituko du astelehenero Bigote de Gamba izeneko tartean. Finito de Hondarribia bilakatzeko oraindik urrats batzuk eman behar ditu. Aurreko denboraldian arrakasta handia lortu zuen atal horrekin, eta denboraldi honetan argaltzeko errezetak landuz jarraituko du. Berak dastatzen dituen errezetak dira; kaloria gutxikoak badira ere, erakargarri eta zaporetsuak dira.
"Gainontzeko egunetan konplexurik gabe ariko gara sukaldean", dio Robin Food-ek. "Denetariko edariak prestatuko ditugu, saskirik onena ere aurkeztuko dugu produktu freskoekin, eta gure gonbidatuekin goi-goian izango da saioa. Eneko Atxa, Iban Yarza, Aran Goyoaga, Alex Mugica, Erlatz Gorostiza eta beste asko egongo dira", aurreratu du sukaldariak.
Horrez gainera, 15 egunean behin ikus-entzuleek argazki eta guzti bidalitako errezetak tuneatu-ko ditu David de Jorgek bere estilo berezia erabiliz. Hartara, aurretik egindakoa eta ondorengoa ikusi ahal izango dugu, Cuore aldizkariko aktoreak izango balira bezala.
Saioak, gainera, ohiko tarteak izango ditu: Martin Berasategui Aliñame el Día-n izango dugu. Etxeko sukalde onena eskainiko du, ospe eta arrakasta lortzeko errezetak.
Bailando con Lobos atalean, eltze artean nagusi diren sukaldariak eta entretenimendu alorrean gailentzen diren profesionalak izango dituzte. Ostiralero, Alka-Seltzer dosi bikoitza izango da; Guarrindongada onenak erakutsiko dizkigu.
Sukalde argitsu eta estiloz betetakoan grabatzen dute saioa, hiru izar Michelin dituen Lasarteko Martin Berasategui jatetxean.