telebista
15:00etan
Gaur itzuliko da 'Sautrela' ETB1era
Hasier Etxeberriak gidatuta, literaturari buruzko saioa bazkalostean izango dugu ikusgai, 'Eguraldia'ren ostean.
-
Hasier Etxeberria.
'Sautrela' saioa ETB1eko programaziora itzuliko da gaur, hainbat hilabeteko etenaldiaren ondoren. Bazkalostean, 'Eguraldia' tartearen ondoren, izango dugu ikusgai literaturari buruzko saio ezaguna, Hasier Etxeberriak gidatuta.
Lehen saioan, Kirmen Uribe eta Miel Anjel Etustondok Gabriel Arestiri buruz ondutako erreportaje batekin hasiko dira. Lana bi zatitan banatua dago, eta larunbat honetan ikusiko dugu lehena eta hurrengoan, berriz, bigarrena. Hor jasoko dituzte, besteren artean, Anjel Zelaieta, Koldo Izagirre eta Natxo de Felipe-ren testigantzak, Arestik osatutako kantuetako letren doinuek eta Iker Treviñoren errealizazioak lagundurik. Arestiren poetika, aiurria, elkarlana, ezinikusiak... denetarik ikasi ahalko dugu erreportajetik.
Elkarrizketaren atalean, Miren Agur Meabe izango dute aurten zeresan handia ematen ari den liburu batekin, Kristalezko begi bat-ekin. Aurretik poesian nabarmendua batez ere, liburu honek literatur zale ugariren ahotan ipini du Meabe.
Bestetik, atal berri bat estreinatuko ETB1eko saioak: Beñat Sarasola kolaboratzaile izango dute astero iraganeko euskal literaturaren ondareko liburu batekin. Liburuon garrantzia ez ezik egungo ikuspuntutik nola irakur daitezkeen azaltzen saiatuko da Sarasola. Saio honetan, Txomin Agirreren Kresala-z mintzatuko zaigu.
Ohiko bideari helduko dio 'Sautrela'k denboraldi berrian; idazleak, liburuak, kritikak eta euskal literaturako harribitxiak, besteak beste, bilduko ditu, larunbatero, 15:00ak aldera, ETB1en.