Itxi

telebista

22:15ean

'Erin Brockovich', gaur gauean, ETB2n

Erredakzioa

Bilbo

'Cine Éxito' atalean, Julia Roberts ikusiko dugu gaur gauean Steven Soderberghek zuzendutako filmean. Aktore estatubatuarrak emakumezko aktore onenaren Oscar saria eskuratu zuen film honi esker.

  • Erin Brockocvich

    Erin Brockovich

Gaur gauean, 'Cine Éxito' tartean, Erin Brockovich film ezaguna izango dugu ikusgai ETB2n, 22:15ean hasita. Steven Soderberghek zuzendutako lan honek Julia Roberts du aktore nagusi.

Film entretenigarria da. Egiazko istorio batean oinarritutako film honetan, drama eta komedia uztartzen dira. Oscar sarietarako bost izendapen izan zituen, eta Julia Robertsek aktore onenaren saria eskuratu zuen bertan egindako lanagatik. Gainera, Urrezko Globoetan ere lau izendapen lortu zituen. Arrakasta handia izan zuen, eta 256 milioi dolarretik gora bildu zituen.

Erin Brockovich bi bider dibortziatutako emakume bat da; ez du ikasketarik, eta hiru ume txiki dauzka. Zailtasunak ditu hiru umeak mantentzeko, eta lan bila dabil. Auto-istripua izango du, eta salaketa jartzea erabakiko du, baina epaiketa galduko du. Orduan, haren abokatu Ed Masryren (Albert Finney) bulegoan hasiko da lanean. Ez da ongi hasiko, baina, halako batean, bezero baten gaixotasun larriaren eta uraren kutsaduraren artean lotura zuzena dagoela ohartuko da, eta horrek guztia aldatuko du.