Itxi

telebista

22:15ean

Fagorren egoera aztergai, '60 minutos' saioan

Erredakzioa

Bilbo

Fagor Etxetresna Elektrikoak enpresaren arazoaren inguruan argitasunak ematen saiatuko dira, 1.600 langile lanik gabe geratu ostean. 22:15ean, ETB2n.

  • Fagor

    Fagor

Duela egun batzuk Mondragon Korporazio Kooperatiboaren enpresarik ezagunenak ordainketei aurre egin ezinik zegoela eman zuen jakitera, eta hartzekodunen aurrekonkurtsoa aurkeztu zuen. Albiste txar horrek alarma guztiak piztu zituen, inork ez baitzuen uste kooperatiben sistema egoera horretara hel zitekeenik. Gau gauean, 22:15ean, "El futuro de Mondragón" izango dute hizpide "60 Minutos" saioan, eta enpresaren, langileen eta kooperatibismoaren egoera aztertuko dute.

Iragan astelehenetik, 1.600 langile gehiago daude lanik gabe. Datozen hilabeteetara begira, ziurgabetasuna da nagusi, inork ez baitaki zer gertatuko den beraiekin; aurretiazko erretiroa hartuko dute batzuek, beste enpresa batzuetan hasiko dira lanean beste batzuk, eta abar.

"60 Minutos" saioan, enpresaren arazoaren inguruan argitasunak ematen saiatuko dira, langileak eta kooperatiben munduko adituak elkarrizketatuz. Gainera, Euskadiko kooperatiben gaur egungo egoera nolakoa den aztertuko dute, Mondragon Taldearena, besteak beste. Zein izango da beraien etorkizuna?

Gaia jorratzeko, hainbat gonbidatu izango ditu Juan Carlos Etxeberriak: Adrian Zelaia, Ekai Center ikerketarako zentroko presidente eta Mondragon Korporazio Kooperatiboaren idazkari ohia; Carmen Gallastegi, EHUko Ekonomia katedraduna; Pedro Esnaola, Gipuzkoako Merkataritza Ganberako zuzendaria; Lourdes Idoiaga, Lagun Aroko kooperatibista duela 37 urtetik; Javier Goienetxea, Konfekoopeko presidentea; Ainara Udaondo, Lanki Ikerketa Kooperatiboetako zuzendaria, eta Leire Okaranza, Fagorreko idazkari teknikoa.

Bestalde, kalteak nabaritu dituzten familiekin ere hitz egingo dute, Leire eta Igorrekin, esaterako. Bi alaba dituzte, eta biek egiten zuten lan Fagor enpresan. Gorka eta Karmelerekin ere hitz egingo dute, egoera ikusita, horiek ere kezkatuta baitaude.

Ez galdu "El futuro de Mondragón" saioa, Juan Carlos Etxeberriaren eskutik, 22:15ean, ETB2n.