telebista
22:15ean
Euskara Erromatar Inperioaren garaian, 'Euskara Jendea' saioan
A.H.
EITB
Nahiz eta erromatarren eragina oso nabarmena izan, Erromak ezin izan zuen lurraldean latina ezarri. Garai horretakoak dira euskararen lehen lekukotasunak.
Euskararen eta euskal hiztun komunitatearen historian barrena bigarren ibilaldia proposatuko digu 'Euskara Jendea' dokumental sailak gaur gauean, 22:15ean: Erromatar Inperioaren garaian hizkuntzak bizi zuen egoera azalduko du.
Erromatar Inperioak Europako herri eta kultura guztiak suntsitu edota aldatu zituen. Euskal Herri osora zabaldu zen, baina ez zuen herrialdean latina ezarri, nahiz eta lurralde batzuetan eragin handiagoa izan, Akitanian eta Nafarroako Erriberan, besteak beste. Hala ere, euskarak latinaren eragin handia jasan zuen, eta hiztegian eta zenbait egituratan aldaketa batzuk izan zituen.
Kulturan ere erromatarren eragina nabarmena izan zen, ideia berriak ekarri zituzten, baita teknika berriak eta hainbat aurrerakuntza ere. Baina, aurreko aroetan bezala, komunitateak iraun egin zuen, eta eutsi egin zion bere identitateari atxikiz.
Inperioan, bestalde, euskararen lehen lekukotasunak ageri ziren, latinezko epigrafean betiere. Aipamen gehienak Akitaniako harrietan eta aldareetan azaldu ziren.
Aste honetako atalean izango diren adituen artean, Joaquin Gorrochategi (Euskal Herriko Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedraduna), Mertxe Urteaga (Oiasso Erromatar Museoko zuzendaria), Elena Torregarai (Euskal Herriko Unibertsitateko Antzinaroaren Historiako irakaslea) eta Nodge Nolan (Colchester Roman Society elkarteko kidea) daude.
'Euskara Jendea', 22:15etik aurrera, ETB1en.