Itxi

telebista

22:15ean

Robert Redforden 'Brubaker' filma, gaur gauean, ETB2n

EITB

Bilbo

Kartzela batean benetan gertatu zen drama bat da film hau, eta bertan, Robert Redford edo Morgan Freeman bezalako aktoreek hartzen dute parte.

  • Robert Redford

    Robert Redford

Gaur gauean, 22:15ean, ETB2n, Stuart Rosenberg zuzendariaren Brubaker izeneko filma izango da ikusgai . Pelikula honek Oscarretan izendapen bat jaso zuen jatorrizko gidoi onenaren sailean.

Tom Murtom kartzela zuzendariak bizi izan zuen esperientzia kontatzen da film honetan. Benetako gertaera batean oinarritutako istorioa da, eta Arkansasen zegoen kartzela bateko bortxaketak, hilketak eta beste hainbat delitu nola atera zituen argitara erakusten du.

Henry Brubaker (Robert Redford) Wakefield izeneko kartzela bateko zuzendari izendatuko dute baina kartzelan lan egiten hasi aurretik, barneko egoera lehen pertsonan ezagutzea erabakiko du, eta horretarako preso bezala sartuko da bertan. Kartzelan sartu bezain laster konturatuko da barruko egoera legalitatetik oso urrun dagoela, izan ere, zaintzaile eta presoen artean ustelekeria da nagusi eta hilketak egunerokoak dira.

Presondegiko egoera ikusita, Brubakerrek ustelekeriari azkena emateko urratsak ematen hasiko da, baina kartzelako zaindarien oztopoekin egingo du topo bidean. Espetxe Zuzendaritzako agintariengana joko du orduan, legez kanpoko jokaera horiek aditzera eman eta horiek desagertarazteko, baina honek ere ez dira Brubakerren alde jarriko.

Pelikula honek garai hauetan ematen ziren giza eskubideen urraketak, biolentzia, ustelekeria eta hilketak salatzea zuen helburu.