Itxi

telebista

23:20ean

'Obesidad en 360 grados', gaur gauean, ETB2n

M.A.

EITB

Erreportaje berezi honetan, gizentasunaren arazoa aztertuko dugu, espezialistekin eta arazo hori bizi dutenekin hitz eginez. 23:20ean, ETB2n.

Gaur gauean, 23:20ean, 'Obesidad en 360 grados' erreportaje berezia izango dugu ikusgai ETB2n, Ana Urrutiak aurkeztutako 'Implicada' saioaren ostean. Euskal Herrian, gizentasuna hizki larriz idatzi beharra dago, helduen % 13 gizenak baitira. Datu horiek abiapuntu gisa hartuta, pertsona gizenen edo gizenak izan direnen, sukaldarien, nutrizionisten eta adituen testigantzak bilduko ditu erreportajeak.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen datuen arabera, Europako helduen erdiak baino gehiagok gehiegizko pisua dauka, edo gizena da. Euskal Herrian, % 13koa da datu hori. Haurren artean, berriz, % 10 ingurukoa da, Espainiako batez bestekotik gora (% 7koa).

Zer gertatzen ari da gure lurraldean, gastronomiaren kultura hain errotuta egonik, loditasun datuak hain handiak izateko?

Euskal Herrian tradizio gastronomikoa handia da; diru iturri garrantzitsua izaten da, baita turismoaren ardatz ere. Elkarte gastronomikoetatik hasi, eta gure etxeetako sukaldeetara zabaltzen da kultura hori.

Lehengai bikainak ere izaten ditugu gure etxeetako eta jatetxeetako sukaldeetan, barazkiak, haragia, itsasoko produktuak... Lehen sektorera egokitutako herriak dauzkagu, bai arrantzari, bai abeltzaintzari, baita nekazaritzari ere, eta milaka pertsona ari da, zuzenean edo zeharka, sektore horretarako lanean.

Gastronomiari lotutako lehen unibertsitate fakultatea dago, gainera, gurean,  Basque Culinary Center. Bertan, euskal sukaldari garrantzitsuek hartzen dute parte, bai garapenean, bai sustapenean. Europan Michelin izar gehien dituen lurraldea da, 28 izar 19 jatetxetan. Horrek guztiak argi erakusten du euskaldunontzat sukaldeak eta ongi jateak garrantzi handia duela.

Gure sukaldari garrantzitsuenetako bat, Martin Berasategui, ikusiko dugu erreportajean. Munduko sukaldari garrantzitsuenetako bat ere bada, eta zazpi Michelin izar eskuratuak ditu haren ibilbidean. Gainera, Aitor Elizegi, Fernando Canales eta David de Jorge sukaldarien ikuspegia ere bilduko dugu. Azken horrek, esaterako, ebakuntza bat jasan behar izan du urdailaren tamaina txikitzeko. 110 kilo galdu ditu, eta hondarribitarrak gizentasunaren eta ebakuntza egin behar izateko arrazoiei buruzko gogoeta egin du.

Idoia izango da beste protagonistetako bat. 102 kilo ditu, eta hamar urte daramatza diabetesarekin, gizentasunaren ondorioz. Ebakuntza egingo du, eta horraino nola heldu den azalduko digu.

Elena Alustiza pediatrak, bestalde, egungo belaunaldiei buruzko diagnostikoaren larritasuna azpimarratuko du. Ikuspegi zientifikoago batetik, Josune Ayok, AZTIko nutrizionistak, etxean jatearen abantailak azpimarratuko ditu, erositako janari azkarreko menu baten eta etxean egindako baten analisia eginda.