telebista
22:15
'Leyendas de pasión', Brad Pitt aktorearen lana, gaur ETB2n
EITB
Bilbo
Oscar sari bat eta Urrezko Globoetarako lau izendapen jaso zituen Brad Pitt eta Anthony Hopkins aktoreen film honek.
-
Leyendas de pasión
Gaur, 22:15ean, Leyendas de pasión filma izango dugu ikusgai ETB2n. Drama, amodiozko istorioa eta abentura ugari nahasten dituen lana da, eta Brad Pitt, Anthony Hopkins, Aidan Quinn eta Julia Ormond aktoreak dira protagonista nagusiak..
William Ludlow (Anthony Hopkins) koronelak harreman estua du indiarrekin. Gobernuak indiarren herri batean sarraskia egin ondoren, baina, armada utzi eta Montanako arrantxo batera joatea erabakiko du. Bertan heziko ditu bere hiru semeak. Zaharrena, Alfred (Aidan Quinn), seme arduratsua da; Tristan (Brad Pitt) abenturazalea eta apur bat bihurria da; gazteena, Samuel (Henry Thomas), berriz, seme idealista da.
Samuelen andregaia, Susannah (Julia Ormond), etxera heltzen denean, bakea amaituko da. Anaien artean harreman oso estua dago, baina emakumearen edertasunak hirurak harrapatu eta maiteminduko ditu, eta, ondorioz, anaien arteko harremana okertu egingo da. Lehen Mundu Gerra hasten denean, Samuel armadan sartuko da, eta hil egingo da bertan.
Tristanek etxetik alde egitea erabakiko du orduan, pasioari ihes egiteko, eta abentura berrien bila joango da munduan zehar.