telebista
22:15ean
Erorien Haranaren etorkizuna aztergai, '60 minutos' saioan
38 beteko dira Franco hil zela, eta asteleheneko saioak haren gorpuzkiak jasotzen dituen monumentu erraldoiaren etorkizuna aztertuko du. 22:15ean, ETB2n.
38 urte beteko dira laster Francisco Franco hil zela. Haren gorpuzkiak Erorien Haranean daude, aldeko eta kontrako iritziak piztu izan dituen monumentu erraldoi horretan. Eta, azken hilabeteetan, gainera, areagotu egin da eraikin horren etorkizunari buruzko eztabaida. Zer egin behar da Erorien Haranarekin? Eta bertan lurperatutako gorpuzkiekin? Gaur gauean, 22:15ean, '60 minutos' saioak gai hori aztertuko du.
Galdera horretatik abiatuta, eraikin erraldoi horren etorkizuna aztertuko dugu. Hainbat iritzi bilduko ditugu horretarako. Iñaki Anasagasti senatariaren iritzia entzungo dugu. Erorien Harana eztandarazi beharrari buruz esandakoaren ondorioz, auzitara eraman zuten, baina onik atera zen. Alternativa Municipal Española alderdiko Carlos Zarcok, berriz, Erorien Harana dagoen bezala mantentzearen alde egin du. Gainera, Odón Elorza diputatu donostiarrak Francoren gorpuzkiak hilobitik ateratzeko eta familiari emateko legez besteko proposamena egin du. Horretaz guztiaz hitz egingo dute saioan.
José María Calleja kazetari eta idazleak El Valle de los Caídos izeneko liburua idatzi du; zertarako eraiki zuten azaltzen du bertan. Hura ere agertuko da '60 minutos'en.
Erorien Haranari lotuta dagoen eztabaida handienetako bat, ordea, hauxe da: Nork eraiki zuen? Batzuen esanetan, boluntarioek altxatu zuten; beste batzuen arabera, baina, eraikitzeko lanetan aritu zirenetako asko presoak izan ziren. Iñaki Egaña historialariarekin hitz egingo dugu, baita Erorien Haranean lanean aritu zen gudarietako batekin ere.
Erorien Harana izango du ardatz '60 Minutos' saioak. 22:15ean, ETB2n.