Itxi

telebista

Gaur

Patricia Gaztañaga iruzurrez arituko da '¿Y Ahora Qué?' saioan

A.H.

EITB

Ikertzaileak eta adituak elkarrizketatuko ditu, baita maula kasu ezagunen biktimak ere. Gaur, 22:15ean, ETB2n.

  • Patricia Gaztañaga. Argazkia: EITB

    Patricia Gaztañaga. Argazkia: EITB

Patricia Gaztañagak aurkezten duen '¿Y Ahora Qué?'  saioak hainbat iruzur izango ditu hizpide, gaur, 22:15ean, ETB2n. Hiztegiaren arabera, iruzur egitea, engainua erabilita kentzea edo lapurtzea da, eta ia denok ezagutzen dugu engainu bidez dirua galdu duen jendea.

Iruzurgilea gure gizartean ongi barneratuta dago, eta askotariko amarruak erabiltzen ditu jendeak dirua eman diezaion, ohosten ari zaiola ohartu ere egin gabe. Nahiko mesfidatiak izan ohi gara, baina iruzurgileak ongi daki zer egin behar duen. Guztiok gaude iruzurren baten jomuga izateko arriskuan, eta oso garrantzitsua da engainuak antzematen jakitea, eta, batik bat, iruzur baten biktima izan garenean zer egin behar dugun argi izatea.

Patricia Gaztañagak, lehenik eta behin, Ramón Jesusekin hitz egingo du, 40 urteko iruzurgile ohi batekin. Denbora luzez jende ugari engainatu zuen, eta milaka euro ebatsi zikien. Iruzurgileak liluratzaile hutsak dira, dirua eman diezaiegun edozer sinetsarazteko gai diren pertsona atseginak. Zenbat eta asmamen maila handiagoa, orsuan eta diru-kopuru handiagoa lortzen dute.

Bestalde, Ertzaintzarne Arabako ikerketa buru Josu Saez ere elkarrizketatuko du. Iruzurrak eta maulak saihesteko zer egin behar dugun galdetuko dio. Gure inguruan gero eta iruzur gehiago da, nahiz eta asko ez diren salatzen, lotsaren eraginez. José Luis Mintegia ere ikusiko dugu saioan, faltsutzeetan aditua den udaltzaina.

Hainbat iruzur kasu ezagutuko dugu aste honetako saioan. Lehenik eta behin, ASFI kasua; Nafarroako 97 bizilagun-talde kaltetu ditu iruzur horrek. ASFI du izena euren dirua kudeatzen zuen enpresak, eta, orotara, milioi bat euro desagertu da.

Halaber, 2006an ezagun egin zen Afinsa eskandaluaz ere arituko gara. Bezeroek eskuratzen zituzten zigiluen balioan zetzan negozioa. Inbertsio-kontratu bat sinatzen zuten, eta hark interes-maila handia ematen zien. 2006an esku-hartzea egin zion gobernuak, eta filatelia estalgarri gisa erabiltzen zuen piramide-erako maula zela ohartu ziren. 7 urte geroago, 200.000 kaltetuek ez dute inolako konpentsazio ekonomikorik jaso. EAEn 15.000 baino gehiago dira. Horietako bi ezagutuko ditugu, gertaturikoa nola bizi izan duten jakiteko.

Amaitzeko, EDUTEK kasuaz ere arituko gara. Bilbon, Donostian eta Gasteizen zegoen akademia bat zen, eta 2012ko irailean itxi zituen ateak. 300 ikasle gelditu ziren kalean, eta bakoitzak 2.000  euro zeuzkan ordainduta, batez beste. Ikasle ohik inbertitu zuten dirua itzul diezaieten eskatzen dute, ordaindu zuten heziketa gabe gelditu baitira. Inork ez die inolako azalpenik eman, eta iruzurra egin dietela sentitzen dute. Patricia Gaztañaga hiru ikasle ohirekin izango da Gasteizen.

'Me han timado ¿Y Ahora Qué?' saioa, gaur, 22:15ean, ETB2n.