Itxi

telebista

Urte Zaharra 2013

Gabon zaharreko kanpaiak Bizkaia zubitik eskainiko dira

Erredakzioa

Bilbo

ETB1en, 'Kontrako Eztarria' programako taldeak egingo du kontakizuna. ETB2n, berriz, Africa Baeta 'Teleberri' albistegiko aurkezlea 'El Conquistador' saioko lantaldearekin egongo da.

0:42

ETBk aurten Unescok 2006an gizateriaren ondare izendatu zuen Bizkaia zubitik emango ditu Gabon zaharreko kanpaiak, Bizkaia zubiak eta Getxoko eta Portugaleteko Udalek babestuta. Aurten 120. urtemuga betetzen duen zubiak Gabon zahar gaueko ETB1eko eta ETB2ko saio berezien agertoki bihurtuta itxiko du ospakizun urtea. Saio horien grabazioa abenduaren 12an egingo da, beti ere, eguraldiaren iragarpenaren arabera.

Ostegunean izan da emanaldi berezi hauen aurkezpena, Bizkaia zubiko pasabidean. Ekitaldian, Marta Uriarte Bizkaia zubiko zuzendari kudeatzaileak eta zubiak batzen dituen bi herrietako alkateek, Mikel Torresek (Portugalete) eta Imanol Landak (Getxo), hartu dute parte. EiTBren izenean, Pello Sarasola Euskal  Telebistako zuzendaria eta Gabon zahar gauean telebistan protagonista izango direnetako batzuk egon dira: ETB1eko 'Kontrako Eztarria' taldearen ordezkari Sara Cozar, eta ETB2ren saioan agertuko diren Africa Baeta aurkezlea eta Patxi Alonso.

Aurten, Euskal Telebistako aurkezle eta aurpegi ezagunek Bilboko itsasadarrean izango diren bi itsasontzitik eta zubitik gertu agurtuko dute urtea. ETB1en, 'Kontrako Eztarria' programako  taldeak egingo du kontakizuna: Anjel Alkain, Iker Galarza, Xabier Euzkitze, Jon Plazaola, Sara Cozar, Paulino, Michael Morris eta Alex Sardui. Mahats-aleak ontzian jango dituzte. Halaber, bigarren itsasontzian, Africa Baeta 'Teleberri' albistegiko aurkezlea 'El Conquistador' saioko lantaldearekin egongo da: Julian Iantzi, Patxi Alonso, Juanito Oiarzabal eta Jose Luis Korta. Urtarrilean hamargarren urtemugako edizioari ekingo dio 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioak.

Sorpresa ugari, zubiaren erdian eta beren-beregi egun horretarako eraikitako erlojua, eta su artifizialen emanaldia izango dira gau horretan Bizkaia zubiaren inguruan.

'Euskadi Movie' eta 'To Mahatsak!''

Umorea izango da, beste behin, Gabon zaharreko programazioaren ardatz nagusia Euskal Telebistako bi kateetan. Barne produkzioko saio bana landuko dira Miramongo ekoizpen gunean. Javier Garcia de Vicuña zuzendari dela, 'Euskadi Movie' esketx saioa prestatuko dute Iker Galarza, Andoni Agirregomezkorta, Asier Hormaza, Itziar Atienza, Miriam Cabeza, Maribel Salas, Javier Anton eta Humberto Gutierrez aktoreek 2014. urtearen atariraino. ETB1en, berriz, 'Kontrako Eztarria' saioko lagunek prestatuko dute 'To Mahatsak!' jai handia. Bertan, ETBko aurkezle eta aktore ezagunenak izango dituzte gonbidatu.

Bizkaia zubiaren 120. urtemuga izan da 2013an

EiTBren eskutik, eta Getxoko eta Portugaleteko Udalek babestuta, bultzatu da Gabon zaharreko ekimen hau; ahalegin handiz, eta oztopo eta erronka guztiei aurre eginez, duela 120 urte burdinazko erraldoia eraiki zen legez. Burdinazko 400 tonek indarra eman behar diote euskal gizarte osoari, ilusioz urte berriari ongietorria egiteko, krisiaren amaiera ekarriko duen urteari "ongi etorri" esateko. Eta Bizkaia zubiari ere indarra eta adorea eman behar diogu, berrituz eta irudikatuz jarraitzeko, eta Unescok 2006. urtean gizateriaren ondare izendatu zuen zubi esekia behar duen arduraz kudeatzen jarraitzeko, erantzukizunez.

Bizkaia zubiak bi udal horien eta EiTBren ahalegina eskertu nahi du, horien lankidetzarik gabe ezinezkoa izango zelako asmo hau gauzatzea. 120. urtemugaren amaierako ekitaldia da. Urtean zehar, kultur, kirol eta gastronomia jarduera ugari egin dira. Ekimen horien guztien helburua monumentua herritarrei hurbiltzea izan da, horren ezagutza zabaldu eta partekatzeko. Gure asmoa eraikin berezi hau disfrutatzea eta gordetzea ere bada, gure ondorengoek, gazteenek, iragana behar bezala uler dezaten.

Alberto Palaciosek, Augusto Eiffel ezagutu zuen bizkaitar ilustratuak, sortu zuen eraikina. Portugalete eta Areeta (Getxo) lotzeko bere ideia azaldu zuen 1886an, eta, ekimen pribatuari esker, zubia diseinatu eta eraikitzeko aukera izan zuen. 1893. urtean inauguratu zen. Munduko lehenengo transbordadore-zubia bihurtu zen, eta gaur egun jardunean daudenen artean joan-etorri gehien egiten duena da.