telebista
22:15ean
Transplanteak aztertuko ditugu '¿Y Ahora Qué?' saioan
EITB
2013ko EiTB Maratoiarekin bat eginez, Patricia Gaztañagak organoak jaso dituztelako bizirik jarraitzen duten hainbat pertsona ezagutuko ditu. Gaur gauean, 22:15ean, ETB2n.
2013ko 'EITB Maratoia'rekin bat eginez, '¿Y Ahora Qué?' saioa berezia izango da, organo-ematea eta ikerketa izango baititu ardatz. 1954an egin zuten lehen transplantea Bostonen (AEB). Orduz geroztik, medikuntzak aurrera egin du, eta gero eta gehiago dira bizi-kalitate hobea dakarten transplanteak. Ebakuntza bakoitzaren atzetik, istorio paregabea dago, eta profesionalei eta hainbat pertsonaren borondateari esker dira positiboak istorio horiek. Gaur gauean, 22:15ean, 'Me han hecho un trasplante. ¿Y ahora qué?' saio berezia izango dugu ETB2n, Patricia Gaztañagak aurkeztuta.
Protagonistak
Fibrosi kistikoaren eraginez, Patxiri birika-transplantea egin behar izan zioten 2001ean. Daukan indarrari esker, ebakuntza egin eta bederatzi hilabetera, mendira itzuli zen. 4.000 metroko mendi bat igo zuen Alpeetan, eta, ondoren, 6.000 metroko bat ere igo zuen Andeetan.
Neguek 5 urte ditu, eta, 4 urterekin, leuzemia antzeman zioten. Haren amak, Ainhisek, hezur-muina eman zion, eta, horri esker, Negue ongi ari da osatzen. Aurten egin diote neskatoari bizi berria eman dion transplante hori.
Izan ere, transplante bat jasotzeak bizitzeko aukera berri bat ematen du. Juan Vicentek, baina, bihotzeko hiru transplante egin behar izan ditu. Oso kasu arraroa da, munduan hura bezalako pertsona bakarra baitago. Gorabeherak gorabehera, bizitzeko gogorik ez du galdu, eta kirola egiten jarraitzen du.
2001ean, 21 urte zituela hil zen Conchiren eta Eduardoren semea zirkulazioko istripu baten ondorioz. Albiste tristea izan zen, baina ondorio positibo bat izan zuen behintzat. Haren organoak eman zituzten gurasoek, eta, horri esker, hamar pertsonari transplantatu zizkieten haren organoak.
Medikuntzak egindako aurrerapenei esker, bizirik gaudela organoak emateko aukera errealitatea da. Doloresen giltzurrunek ez zuten behar bezala lan egiten. Senarrak giltzurrun bat eman nahi zion, baina arazo bat zeukan, ez baitzen harekin bateragarria. Horregatik, transplante gurutzatua egitea erabaki zuten. Hark bateragarria zuen norbaiti eman zion giltzurruna, eta emazteak beste norbaiten giltzurruna jaso zuen. Horri esker, bizitza normala egin dezakete biek.
Josebak nefritis larria izan zuen, eta giltzurrun baten beharrean egon zen. Anaia guztiek eskaini zioten euren giltzurruna, eta, probak egin ostean, Pedro harekin bateragarria zela ikusi zuten. Orain, anaiaren eskuzabaltasunari esker, bizitza normala egin dezake.
Medikuntza aurrerapauso ugari eman du azken urteotan, eta arlo honetako profesionalei esker, gero eta errazagoa da gauzak ongi joatea. Baina, horretarako, oso garrantzitsua da organo-ematea, baita ikerketa ere. Gainera, ez dira organoak soilik transplantatzen, hezur-muina, odola, ehunak eta abar ematea ere garrantzitsua da.