Itxi

telebista

Lehiaketa berria

'Sukaldari' lehiaketa berria, laster ETB2n

A.H.

EITB

Itziar Atienzak aurkeztuta, sukaldari amateurrak arituko dira nor baino nor gehiago, Euskadiko sukaldari onenaren amantala lortu asmoz.

Euskal Telebista 'Sukaldari' lehiaketa berria prestatzen ari da, laster bigarren katean estreinatzeko. Sei sukaldari amateur arituko dira nor baino nor gehiago, Euskadiko sukaldari onena bihurtzeko asmoz.

Itziar Atienzak aurkeztuko du saioa, eta Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariek lehiakideen lana gertutik jarraituko dute. Alde batetik, teknika eta oinarri berriak irakatsiko dizkiete, lehiaketaren probak gainditzeko aholkuak emanez. Izan ere, lehiakideen ikasteko gaitasunak garrantzi handia izango du azkeneko balorazioa egiterako orduan. Bestalde, bi sukaldariek izango dute azkeneko epaiketa hori egiteko ardura, eta lehiakide bakoitzak hartuko duen bidea erabakiko dute.

Horrez gain, saio bakoitzean gonbidatu berezi bat izango dute, nazioartean izen handia duen euskal sukaldari bat. Lehiakideek euren aholkuak entzun eta teknika berriak ikasiko dituzte.

Guzti hori, eszenatoki paregabe batean: Basque Culinary Centerren. Mondragon Unibertsitateko Gastronomia Zientzien Fakultateko sukaldean erakutsi beharko dute lehiakideek euren abilezia.

Irabazleak euskal sukaldari amateur onenaren amantala jantziko du, eta horrez gain, prestakuntza ikastaroak jasoko ditu Basque Culinary Centerren.