Itxi

telebista

15:35ean

'Gallastegi, ni pilotari' dokumentala, gaur arratsaldean, ETB1en

A.A.

EiTB

Igandean Eibarko bere herriaren omenaldia jasoko duen pilotari handiaren ibilbidearen errepasoa egin du Juanan Legorburu kazetariak.

  • Gallastegi pilotaria

    Gallastegi pilotaria

Miguel Gallastegi pilotariaren inguruko dokumentala eskainiko du ETB1ek gaur arratsaldean, 15:35ean. Historiak eman duen pilotari handienetakoak Eibarko bere herriaren omenaldia jasoko du datorren igandean, eta Euskal Telebistak, ekitaldiaren bat eginez, saio berezia prestatu du.

Juanan Legorburuk egin du Gallastegi, ni pilotari izeneko dokumentala. Miguelen bizitza jasotzen du, pilotan hasi zenetik gaur arte. 'Ispiluan' programa oinarritu hartuta, azken urteetako Miguelen bizipenak erantsi dizkiote. Garai hartako Eibar eta orduko eta oraingo pilota ezin hobeto ezagutzen dituen Danel Zenarruzabeitiaren testigantzak ere bildu dituzte.

Miguel Gallastegi 40ko eta 50eko hamarkadetako pilotaririk aipagarrienetarikoa izan zen. Eibarko Asoliartza baserrian  jaioa, gazte-gaztetatik izan zuen pilotarako zaletasuna. Pilotariak zekartzan trenaren zain egoten zen haien maletatxoa hartu eta pilotalekura sartu ahal izateko. Azkar konturatu zen pilotari izan nahi zuela eta afizioa ofizo bihurtu zen.

Ahal handiko pilotaria izan zen, berritzailea, prestaketa fisikoari garrantzia eman zion lehenengotarikoa. Mondragones eta Atano III.aren oinordetza hartu zuen eta hiru aldiz jantzi zuen buruz buruko txapela. Sonatuak dira biren kontra jokatu zituen partidak, eta baita bikotea osatuz hirukotearen aurka jokatu zituenak ere. Errebeldea, ika-mikak izan zituen garai hartako pilota enpresarekin, urteren batean txapelketa nagusiko finala jokatzeari uko egiteraino.

Eibarko udalak merezitako omenaldia egingo dio datorren hilaren 29an Migueli, bere pilotaleku kutunean, Astelenan. Jaialdia zuzen zuzenean eskainiko du Euskal Telebistak arratsaldeko bostetan hasita.