telebista
Urte Zaharra
Bizkaiko Zubitik agurtuko du urtea ETBk, ustekabez beterik
ETB1en 'Kontrako Eztarria' saioko lagunekin eta ETB2n Africa Baetarekin eta Julian Iantzirekin jango ditugu mahatsak. ETB2n, gainera, 'Euskadi Movie' umore saioa izango da ikusgai.
-
To Mahatsa!
Euskal Telebistako aurkezle eta aurpegi ezagunek Bizkaiko Zubitik agurtuko dute urtea. ETB1en, 'To Mahatsak!' saio bereziaz gozatzeko parada izango dugu Urte Zahar gauean, Anjel Alkain, Iker Galarza, Xabier Euzkitze, Jon Plazaola, Sara Cozar, Paulino, Michael Morris eta Alex Sarduiren konpainian. ETB2n, lehendabizi, 'Euskadi Movie' umore saioa izango da ikusgai eta, ondoren, 'Kaixo 2014! 'saioak emango dio ongi etorria urte berriari. Africa Baetak eta Julian Iantzik gidatuko duten saio honetan 'El Conquistador del Fin del Mundo'ko aurpegi ezagunek hartuko dute parte. Laster hamargarren edizioa abian jarriko duen reality-a motorrak berotzen hasiko da urteko azken egunean.
'To Mahatsak!'
Gaueko hamaikak aldera hasiko da ETB1en 'To Mahatsak!' Gabon Zaharreko saio berezia, 'Kontrako Eztarri'ko lagunen eskutik. Miramongo platoan hasiko dute festa Anjel Alkain, Iker Galarza, Xabier Euzkitze, Jon Plazaola, Sara Cozar, Paulino, Michael Morris eta Alex Sarduik, eta Bizkaiko Zubian amaituko dute, Zumaiko neska arraunlariekin batera. Guztiek elkarrekin, urte berriaren alde topa egingo dute.
Umore ona izango da nagusi 'To Mahatsak!' saioan. Pertsona ezagunen parodiak egingo dituzte, besteak beste, Martxelo Otamendi, David Bisbal, Aretha Franklin edo Montserrat Caballerenak. Egiazko beste euskaldun askoren agurrak eskainiko dituzte, eta hainbat sorpresa ere izango dituzte, tartean, Gabonetako otar bitxi baten zozketa.
'Euskadi Movie'
'Vaya Semanita' markaren eskutik datorkigu kanpaikaden aurretik ETB2n ikusgai izango dugun 'Euskadi Movie' saioa. 22:50ean hasiko den programan Andoni Agirregomezkorta, Iker Galartza, Javier Anton, Maribel Salas, Itziar Atienza, Miriam Cabeza eta Asier Hormaza aktoreek hartuko dute parte, Humberto Gutierrez imitatzailearekin batera.
2013 urtean zehar Euskadin izan diren gertakari nagusien errepasoa egingo dute, zineman arrakasta handia izan duten filmak oinarri hartuta. Mary Poppins kuttuna Nekane Poppins bihurtuko da eta Anthony Hoppkins protagonista zuen 'El silencio de los corderos'etik abiatuta, 'El silencio de los peperos' esketxa irudikatuko dute. Mel Gibsonen 'Mad Max' en bertsio berriak 'Mad Mas' izena hartuko du; bertan, herri galdeketa bat antolatu behar duen Kataluniako presidentearen abenturak bilduko dituzte. Munstroz jositako 'Pacific Rim' filma 'Paqui-Rín' izango da, Francisquito semearen zaintza lortu asmoz, Eibarko herria izututa duen Kiko Riveraren historia.
Bestelako edukiak ere izango dituzte 'Euskadi Movie' saioan. Gorabeheraz beteriko bataio baten lekuko izango gara, Euskadiko eta Valladolideko senitartekoen arteko ika-mikak tarteko. Halaber, Chicote eta David de Jorge Errege Magoekin elkartzen diren momentua irudikatuko dute.
'Kaixo 2014!'
Hamargarren edizioa estreinatzeko prest duen 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioak eta 120. urtemuga bete berri duen Bizkaiko Zubiak bat egingo dute 'Kaixo 2014!' saioan, 23:30etik aurrera, ETB2n.
Africa Baetak eta Julian Iantzik gidatuko dute emanaldi berezia Txinbito izeneko ontzi ezagunetik. Alboan, 'Conquis'eko beste hainbat aurpegi ezagun izango dituzte: Patxi Alonso, Juanito Oiarzabal, Jose Luis Korta eta aurten berriz ere lehian ikusiko ditugun David Seco, Gotzon Mantuliz, Leon, Nakor, Eneko Van Horenbeke, Barbaro, Diana, Oscar (azken irabazlea). Bizkaiko Zubian beren-beregi eraikitako erlojuan gauerdia iristean, elkarrekin topa egingo dute urte berriaren alde.
Su artifizialen emanaldia ere izango da, egun horretarako bereziki argiz apaindutako Bizkaiko Zubiaren paraje ederrean. Gainera, 'Conquis'en izaten den gisako proba bat gainditu beharko du aurkezleetako batek.