telebista
22:15ean
'El ocaso de un Rey', Espainiako monarkiaz, gaur, ETB2n
I.Z
Bilbo
Azken bi urteetan Espainiako errege familiak izan dituen eskandaluak aztertzen ditu Frantziako Canal+ kateak ekoitzitako dokumental honek.
-
El Rey Juan Carlos
Gaur gauean, El ocaso de un Rey dokumentala eskainiko du Euskal Telebistak. Carloine de Saint eta Ibar Aibarrek Frantziako Canal+ katearentzat egindako ikerketaren emaitza da filma. Ikus-entzunezko lan honek azken bi urteetan Juan Carlos I.a erregearen nagusitasuna kolokan jarri dituen eskandaluak ditu mintzagai.
Iskanbila sortu duten ekintzen artean, erregeak berak eduki dituen eskandalu sexualak, etengabeko osasun arazoak edota safarietara joaten eta bidaiak egiten xahutu duen diru kopuru nabaria aztertuko dira, baita Iñaki Urdangarin suhia protagonista duen ustelkeria kasua ere.
Botswana aldean luxuzko safari batean Juan Carlos I.a berak hil zuen elefante baten ondoan erakusten zuen argazki bat publikatu zuten 2012ko apirilean. Bidaia horrek astero 45.000 euro balio zuela jakinarazi zuten garaian, Espainiak % 27ko langabezia-tasa zuen. Baina hori hasiera bakarrik izan zen.
Etengabeko diru xahutzeaz aparte, sexu eskandalu batzuk, familian zeuden barneko pitzadurak eta Noos ustelkeria kasu ezaguna ere azalera atera ziren. Iñaki Urdangarin suhia eta Cristina infanta alaba inputatu zituzten, besteak beste, beraien posizioa aprobetxatuz funts batzuk desbideratzea leporatuta.
Franco diktadorearen zuzeneko oinordeko izendatu ondoren, estatuko demokraziaren sinbolo izatea lortu zuen Juan Carlos I.ak, eta 1975ean errege izendatu zutenetik herritar askoren mirespena izan du.
Agintean daramatzan 35 urteotan, estatuko prentsaren eta propagandaren ondorioz, herritarren % 90 monarkiaren alde agertu dira. Baina bere ospea amildu egin da. Espainiarren erdiak erregearen aurka agertu dira lehen aldiz, eta Konstituzio berri bat sortzea eskatu dute. Errege familiaren gertuko irudi hori desagertu egin da, eta erregea karikaturen eta ikus-entzunezko saio batzuetako burlen jomuga bilakatu da. Bizirik iraungo ote du Espainiako monarkiak azken lau hamarkadetako momenturik txarrenean?
El ocaso de un Rey gaur emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB2n.