telebista
Audientzia
Silvia Intxaurrondok indartsu ekin dio ETBko ibilbideari
A.H.
EITB
Ostegunean lortu zuen 'ETB Hoy'k saioaren historiako daturik onena; 144.000 ikus-entzulek egin zuten bat programarekin emanaldian zehar.
-
Silvia Intxaurrondo
Silvia Intxaurrondok gidatzen duen 'ETB Hoy' solasaldirako eta analisirako goizeko magazinak audientziaren harrera ona lortu du Gabonetako etenaldiaren ondoren.
Osteguneko emanaldiak programaren historiako daturik onena lortu zuen: %13,2ko audientzia zatia eskuratu zuen saioaren erdi aldera, 12:58 eta 13:20 bitartean. Momentu horretan, EPPKren bitartekarien kontra egindako polizia operazioaren azken orduaren berri eman zuten, eta egunkari ezberdinetako zuzendarien iritzia jaso zuten telefono bidez. Osteguneko saioak monografikoki aztertu zuen ETAko presoen abokatu eta bitartekarien kontrako operazioa. Hori baino lehen, Olaia Urtiagak Markel Olano EAJren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramailea elkarrizketatu zuen.
Ostegunean, 144.000 ikus-entzulek egin zuten bat uneren batean 'ETB Hoy' magazinaren emanaldiarekin. Astean zehar, berriz, 112.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu du saioak.
'El ocaso del Rey', ordutegi nagusian audientzia buru
Ostegun gauean ETB2k eskaini zuen 'El ocaso de un Rey' dokumentala audientzia buru izan zen ordutegi nagusian, bere hurrengo lehiakidearekin berdinduta. Frantziako Canal+ telebista kateak ekoiztutako saioak %13,9ko audientzia zatia lortu zuen. Espainiako monarkiaren irudiaren gainbehera, eta azken bi urteetan Juan Carlos erregearen inguruan sortu diren eskandaluak aztertu zituen saioak. Guztira, 329.000 ikus-entzulek egin zuten bat dokumentalaren emanaldiarekin uneren batean Euskadin eta eragin eremuan.