Itxi

telebista

Kultura gaiak

Goya sarietara izendatutakoak, aste honetan, 'EiTB Kultura'n

M.A.

EITB

Batez ere euskal profesionalen lanei begiratuko die saioak.

Goya sarien izendapenak izango ditu hizpide nagusi aste honetako 'EiTB Kultura' saioak. Hainbat sailetan dago euskal profesionalen presentzia, eta batez ere horietaz arituko dira. Animazio sailean izendatutako lau filmetatik bik (Hiroku, defensores de Gaia eta Lucius Dumben berebiziko bidaia), esaterako, euskal sinadura dute. Hainbat euskal sortzailek eta Gasteizko ekoiztetxe bik esku hartu dute film hauetan.

Euskal ekoizpenak zenbait izendapen lortu ditu aurtengo Goya sarietan. Koldo Zuazuak La herida eta Zipi y Zape, y el club de la canica filmetan parte hartu du. Lehenbizikoa Donostian filmatu zuten, eta jaialdi garrantzitsuenetan nabarmendu dute. Bigarrenarekin, Koldo Zuazuak ekoizpen zuzendari onenaren saria eraman dezake etxera. ETBren laguntzarekin egin dituzte biak.

Baina aurten izar nagusienetakoa Goya sarietan Alex de la Iglesia izango da da, zalantza gabe. Las brujas de Zugarramurdi pelikulak hamar izendapen jaso ditu, hainbat sailetan.

Ondoren, zinema aretoetako eskaintzei begiratuko die 'EiTB Kultura' saioak. Asier eta biok aste honetan estreinatuko den euskal filma azpimarra daiteke horien artean. ETAko kide ohi baten inguruan dihardu Aitor Merinoren lanak. Gainerako estreinaldiak ere izango dituzte hizpide, tartean, Mandela: del mito al hombre, hil berri den hegoafrikar liderrari buruzkoa, eta El lobo de Wall Street, Martin Scorsese zuzendariaren eta Leonardo Di Caprio antzezlearen azken lana.

ETB1ek gaur gauean eskainiko du 'EiTB Kultura' saioa; ETB2k, berriz, ostegun gauean.