Itxi

telebista

Estreinaldia ETB2n

ETB, Euskadiko 'Sukaldari' onenaren bila

Gaurtik aurrera, sei lehiakide nor baino nor arituko dira Itziar Atienzak aurkeztuko duen lehiaketan. Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldarien laguntza izango dute probak gainditzeko.

0:00

Gaur gauean, 'Sukaldari' saioa estreinatuko du ETB2k. Itziar Atienzak aurkeztutako saioaren helburua Euskadiko Sukaldaririk onena topatzea da. Sukalderako grina handia duten lagunak, lanbidez horretan jarduten ez badute ere, izango dira saioaren protagonistak. Disfrutatu eta sufritu, denetarik egingo dute ahalegin hori betetzeko.

Sei lehiakide izango dira 'Sukaldari'n. Sukaldean aritzeko trebeziaz gainera, ikasteko duten gaitasuna hartuko dute kontutan saio honetan.

Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariak izango dira maisuak. Probak gainditzeko gakoak diren arauak azalduko dizkiete. Sukaldari hauen lana izango da, halaber, lehiakideak eta hauek prestatutako jakiak epaitzea. Horrez gain, saio bakoitzean sukaldari ohoretsu baten bisita sorpresa izango da platoan. Lehiakideei aholkuak ematera etorriko dira sukaldari ospetsuak.

'Sukaldari'k Basque Culinary Centerra du eszenatoki. Mondragon Unibertsitateko Zientzia Gastronomikoen Fakultatean erakutsiko dute parte hartzaileek sukaldean iaioak direla hain zuzen ere. Teknika berriak ikasi eta aplikatzeko duten gaitasuna azalduko dute.

Horretaz guztiaz gainera, beste alderdi bati erreparatuko diote saioan. Giza harreman eta erreakzioak: lehiakideak sufritzen, disfrutatzen, izerdi patsetan, ustekabean harrapatuta, hunkituta eta etsita ere ikusiko ditugu erlojuaren kontra jakiak prestatzen. Presio handi pean sukaldea nola bizi duten jasoko dute kamerek. Lehiakideen arteko adiskide keinuak ez ezik, euren artean dagoen  lehia ikusiko dugu.

Lehiakideen profila denetarikoa da. Jatorri, izaera eta sukaldean aritzeko moduak diferenteak dira. Guztiek ere gauza bat dute berdina: sukaldea maite dute, beste lanbide batzuetan badabiltza ere. Honakoak dira sei lehiakideak: Esteban (Hondarribi), 31 urteko administrari komertziala; Nerea (Bilbao), 28 urteko administraria; Iban (Zarautz), 34 urteko mekanikari muntatzailea; Sara (Bilbao), 40 urteko marketing laguntzailea; Gorka (Vitoria Gasteiz), 45 urteko segurtasun zuzendaria, eta Sonia (Errenteria), 40 urteko 3-Dko animaziozko diseinatzailea.

Euskadiko sukaldari amateur onenaren jaka jantziko du irabazleak. Basque Culinary Centerren ikastaro pertsonalizatuak jasoko ditu gainera.

Digytal Audiovisuales ekoiztetxeak eta ETBk elkarlanean egindako saioak, BCC eta Eroskiren laguntza izan du. Asteazkenero izango da ikusgai, 22:15ean.

Lehiaketaren dinamika


'Sukaldari'ren atal bakoitza hiru probetan zatituta dago. Lehena abilitate proba izango da. Produktu jakin bat maneiatzeko orduan duten trebetasun maila erakutsiko dute. Probaren bi irabazleek hurrengo probarako taldea aukeratu ahal izango dute eta talde buruak izango dira.

Taldekako proban, berriz, hainbat jaki prestatuko dituzte. Guztiek produktu bera izango dute oinarri: abilitate proban erabili duten produktua alegia. Talde irabazlearen kideak automatikoki hurrengo probara pasako dira, eta galtzaileek, iraupena edo kanporaketa izango dute jokoan 'Sukaldari'ren amaierako proban.

Finaleko proba izango da kanporaketako proba 'Sukaldari'n. Taldekako proba galtzen dutenek, jaki zehatz bak prestatu beharko dute. Okerren egiten duena kanporatuko dute saio bakoitzean.

Irakasleen zeregina

Proba bakoitza hasi aurretik, Ramon Roteta eta Ander Gonzalez irakasleek  platerak nola prestatu behar diren azalduko diete, arau garrantzitsuenak emango dizkiete. Lehiakide zein ikus-entzuleentzat baliogarri diren kontseiluak.

Irakasleek erne eta adi jarraituko dituzte lehiakideek sukaldean egingo duten lana. Aholkuak eman eta lehiakideak gidatzea ere izango da euren zeregina.

Proben ondoren, Anderrek eta Ramonek lehiakideen lana ebaluatuko dute. Eurena izango da azken hitza aurrera nork jarraitzen duen eta kanpoan nor gelditzen den esaterakoan.

 

Ez ezazu galdu, gaur gauean, 22:15ean, 'Sukaldari' lehiaketaren estreinaldia ETB2n!