telebista
22:15ean
Politikaz eta ustelkeriaz, gaurko 'Debatea'n
A.H.
EITB
Xabier Usabiagak gidatuta, azkenaldiko ustelkeria kasu ezagunenak aztertuko ditu saioak.
Bruselak ustelkeriari buruz ezagutzera eman duen azken txostenaren arabera, Europako lau herritarretik hiruk uste dute ustelkeria orokortuta dagoela klase politikoan. Espainiako Estatuan, berriz, gizartearen %95 iritzi berekoa da. Politika eta ustelkeria eskutik helduta al doaz? Gizartea klase politikoarengandik gero eta urrutiago al dago? Galdera horiek erantzuten saiatuko dira gaur gaueko 'Debatea' saioan parte hartuko duten solaskideak.
Beste alde batetik, herritarren %8 bakarrik izan omen dira ustelkeria kasu baten lekuko, eta %12k bakarrik salatu dute ustelkeria. Herritarrek politikaren eta ustelkeriaren kontra duten jarrera benetakoa al da? Ez al da jarrera estetiko bat bakarrik? Zeintzuk izan beharko lukete ustelkeriaren kontrako neurriak?
Honekin batera, azkenaldiko ustelkeria kasuak aztertuko ditu Xabier Usabiagak gidatutako saioak; besteak beste: Alvarez Cascos eta Gurtel, edota Cristina infanta eta Urdangarin. Goi mailako klase politiko eta sozial honek indultuak eskatzeko duen ohitura pribilegiatuaz ere arituko dira. Batzuentzat indultuak onartzen badira ere, beste batzuentzat (ETAko presoentzat, adibidez) ez da inolako aldaketarik onartzen.
Xabier Usabiagak gidatuta, Esteban Intxausti EHUko irakaslea, Luis Haranburu Altuna idazlea, Arantza Azurza abokatua, Ricardo Crespo PSEko Gazte Kontseiluko kide eta Usurbilgo zinegotzia, eta Itxaso Andueza Euskadiko Gazte Kontseiluko presidentea bilduko dira gaurko 'Debatea'n 22:15etik aurrera.