telebista
Literatura saioa
Mari Luz Estebani elkarrizketa, 'Sautrela' saioan, gaur
A.E.
EiTB
Erreportajean, idazleek klasikoak irakurtzen duten eta oraindik itzuliak ez ditugun eta luze gabe itzuli beharko liratekeen erdal autoreez arituko dira.
Aste honetako 'Sautrela' saioan Mari Luz Esteban (Pedrosa de Valdeporres, 1959) izango dute. Badira hilabete batzuk Amaren heriotzak libreago egin ninduen poema liburua argitaratu zuela, eta liburuak merezi duelakoan, lekua egin diote elkarrizketaren atalean. Esteban ezaguna izan da orain arte antropologian eta feminismoan egindako saiakera eta ikerketengatik baina oraingoan sormen lan batekin etorri zaigu, bere estreinakoarekin. Titulutik hasita indar handia duen liburua da, zenbaitetan deserosoa ere bai beharbada, eta lan hori egiteko motibazioak ezagutuko ditugu elkarrizketan, baita bere saiakera lanetatik- eta zerk bereizten duen ere.
Erreportajean, orain bi astekoaren ildotik, idazleak ikusiko ditugu beren irakurketei buruz mintzatzen. Kasu honetan, alde batetik klasikoei buruz jardungo zaizkigu. Merezi al du euskal klasikoak irakurtzea? Ba al dago ezer baliagarririk haietan hizkuntza kontuez landa? Hala bada, zeintzuk dira irakurri beharreko klasikoak? Beste alde batetik, oraindik itzuliak ez ditugun eta luze gabe itzuli beharko liratekeen erdal autoreez arituko zaizkigu. Ze autore edo obra itzuli beharko litzateke? Ze hutsune ditu euskaratutako literaturaren zerrendak?
Beñat Sarasolak Joseba Sarrionandiaren lehen lanetako bat berreskuratuko digu: Atabala eta euria. Huraxe izan zen Narrazioak sonatuaren ondorengo ipuin-liburua, ia garai berean idatzitakoa. Ipuin horiei buruz arituko da, bada, Sarasola, Narrazioak-ekoekin eta ondorengo Sarrionandiaren obrarekin nola erlazionatzen diren erakutsiz.
Hori guztia izango dute, beraz, gaur 15:00etatik aurrera; betiko moduan, 'Sautrela' bereizten duten taxuera, pitxi eta bestelakoekin.