Itxi

telebista

Kronika

Ari etxera bueltan da min hartuta eta Saraik purgatorioa estreinatu du

Denek batera abiatu duten abentura uzten lehena Ari da, duelua jokatzen ari zela besaurrean min hartuta. Saraik, bestalde, 'Conquistador' saio guztietan gogorrenetakoa den purgatorioa estreinatu du.

Ari gipuzkoarrak Fredi eta Jorge bere taldekide koatiarren bidea hartu du, haiek ere min hartu eta uste baino lehen utzi baitzuten saioa. Dueluan argi geratu zen programan jarraitzen duten emakumeak finalera heltzeko dena egiteko prest daudela. Denek eutsi zioten gogor gautxoek euren zaldiekin arrastaka zeramaten behiaren azalari, baina geldoena Sarai izan zen. Abenturaren hamargarren edizioko ezustekorik handiena etorri zen gero: purgatorioa. Izan ere, urtarrilean aurreratu legez, hamargarren saio honek denetik dakar.

'El Conquistador del Fin del Mundo' saio guztietako purgatoriorik gogorrenetakoan dago Sarai. Datozen egunak igaroko dituen menditxoan ez dago ezer, haize izoztu izugarria eta lau harri baino ez; horrekin lortu beharko du gutxieneko babesa. Gai izango ote da Usurbilgo gaztea janari gabe irauteko eta errukirik ez erregutzeko?

Rebeka, gorabehera guztietan

Ikusteko dago, bestalde, kanpoan geratu ez diren neskak nola hartuko dituzten kanpamentuan, Rebeka batez ere. Bilbotarra azken saioko protagonista nagusia izan da, gorabehera guztietan egon baita: mutilekin, Jaguareteen indarrak batu beharraz konbentzintzeko; Enekorekin, getxoztarraren begikoa izaten jarraitu nahi duelako; neska urdinekin, nor nominatuko duten zuzenean galdetu baitie; Sanekin, abentura honetan bere babes nagusia izan baita, Eneko kontuan izan gabe, noski; eta Amaiarekin, bi arima pararelo baitira, lehian guztiz kontrakoak izan arren. Biek dute gogoko mugitzea, eta biek jarraitzen dute lehian gogotsu.

Nominazioetan izandako nahastearekin eta azken orduko akordioekin, badirudi kanpamentu berriko baldintzekin ez dela inor ohartu. Egia esan, leku benetan ederra da, baina baita oso gogorra ere. Haizeak indartsu jotzen du, lakuko ura nahiko zikina da, janaria oso urria; eta, hori gutxi balitz, saioko antolatzaileek zera erabaki dute: fase honetako joko eta dueluak orain arteko urte guztietakoak baino gogorragoak izatea.

Lehen Immunitatearen Jokoak argi utzi du lehiakide batzuek maltzurkeriaz jokatuko dutela, sailkatuak ez izateko eta immunitatea zein sari osagarria irabazteko. Beraienak ez ziren motxilak aurkitu zituztenetako batzuk elur azpian ezkutatu zituzten berriro, tartean Enekok berak. Ander eta Maraka izan ziren euren arropak aurkitzen lehenak, eta bien artean jokatu zuten garaipena. Santurtziko 'rasta' izan zen indartsuena igoeran, eta berak irabazi zuen fase erabakigarri honetako lehen ikurrina.