telebista
Erreportajea
'El Conquis', paraje miresgarriak, reality abenturazaleenarentzat
I.A.
Mundu amaierako itsasargia, Beagle kanala, Ushuaia, Patagonia, Perito Moreno, Misionesko basoa eta Iguazuko ur-jauziak dira saioaren agertoki izan diren toki apartetako batzuk.
10 urteko ibilbide luzean, "El Conquistador del Fin del Mundo" telerealitate saioaren lehiakideek hamaika abentura bizi izan dituzte hainbat paraje miresgarritan. Atzera begirakoa egin dugu, Euskal Telebistako saioaren jarraitzaileok ikusi ditugun lurreko paradisuak gogoratzeko.
2005a "El Conquistador del Fin del Mundo"ren estreinaldiarekin hasi zuen ETB2k. Abentura saioa "Basetxea" ETB1eko saioaren hurrengoa zen. Euskal Herriko bazter ederretan grabatu zuten "Basetxea", baina ETB2ko saioak berrikuntza bat zuen: oso urruti zegoen kokatuta, "munduaren amaieran".
Lehen edizioan Argentinako inguru ederrez gozatzen hasi ginen. Izan ere, saioaren helburua ikurrina Ushuaiako Les Éclaireurs itsasargira eramatea zen. Munduan hegoalderen dagoen hiria da Ushuaia. Munduaren amaierako itsasargia bezala ere ezaguna da Les Éclaireurs, eta Beagle kanalean dago, Txile eta Argentina artean.
Ushuaian bost edizioz izan ostean, bertan filmatzeko baimenekin arazoren bat izan zuen lantaldeak, eta tokiz aldatzeko beharra izan zuten. Baina, egia esan, beharrizan horri esker Patagonia bezalako paraje ederrez gozatzeko aukera izan dugu saioaren jarraitzaileok. ETB2ko abentura saioaren protagonista handietako bat da Patagonia.
Argentinako eskualde horrek momentu bikainak oparitu dizkigu edertasun ordainezinezko eszenatokietan: Perito Moreno glaziar sinestezina eta Calafate hiria bertan daude.
Patagoniako elurretako muturreko hotzetik Misioetako basora egingo dugu jauzi. "El Conquistador del Fin del Mundo"ko azken aurkikuntza da toki hori, eta bartan nabarmenak dira kokondoak, hezeguneak, eta gure lagun guaraniek ongi ezagutzen dituzten zuhaitzen kolore berde kontaezinak.
Baina ezin dugu saioaren bazter ederren errepasoa bukatu Iguazuko ur-jauzien xarma ikusgarria gogoratu gabe. Izan ere, naturak sortutako munduko zazpi mirarietako batean grabatzeko aukera izan duen abentura saio bakarretako bat da "El Conquistador del Fin del Mundo".
Zorionekoak izan dira lehiakideak eta saioaren lantaldeko kideak, hain leku ederretan bizipen handiak bizi izan dituztelako. Baina ikusleok ere zorionekoak gara, horren paraje liluragarriak ikusteko aukera dugulako.