telebista
Gaur
'La Noche de...' saioak '2012' filma eskainiko du gaur
I.A.
Programaren emanaldi hirukoitza eskainiko da gaur, bihar eta ostegunean, saioaren 1.000. emisioa dela eta.
'La Noche de...' saioaren 1.000. programak 2012 superprodukzio ikusgarria eskainiko du gaur gauean. Maien zibilizazioak iragarritako munduaren amaiera du ardatz, eta profeziaren egiazkotasuna aztertzen du. Gai horren inguruko hainbat kontu jorratzeaz gain, filmazioaren zailtasunez eta pelikulako aktoreez arituko da. Besteak beste, Jonh Kusack protagonistak izan dituen neska-lagunen zerrenda luzea errepasatuko dute.
Aste honetan, 1.000. emanaldia beteko du Felix Linaresek ETB2n aurkezten duen magazinak. Ordutegi nagusian denbora gehien eman duen saioa da estatu mailan, eta, hori ospatzeko, "La Noche de..." saioaren emanaldi hirukoitza eskainiko da asteartean, asteazkenean, eta ostegunean. Gainera, zinemarako 1.000 sarrera zozkatuko dira saioaren jarraitzaileen artean.
Bihar, saioaren unerik onenak bilduko dituen "La Noche de... 1.000" saio berezia eskainiko da. Aste berezia amaitzeko, ostegunean, "La Noche de... 8 apellidos vascos" eskainiko dute, marka guztiak hausten ari den pelikulari eskainita. Ondoren, Bienvenidos al Sur (Benvenuti al Sud) komedia italiarra emitituko dute.
Zinemarako 1.000 sarreraren zozketa
"La Noche de..." programaren 1.000. saioa ospatzeko, zinemarako 1.000 sarrera zozkatuko dituzte saioaren jarraitzaileen artean. Hegoaldeko lau hiriburuetan erabili ahal izango dira; Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Jada zabalik dago zozketan parte hartzeko epea, eta saioaren eitb.com-eko orrian galdera erraz bati erantzun beharko zaio bertan parte hartzeko. Irabazleen izenak apirilaren 29an emango dira jakitera.