Itxi

telebista

Laster ikusgai

'Implicada' saioaren atal berriak, Ana Urrutiarekin, ETB2n

EiTB

Datozen ataletan aurkezlea gaueko giro eta bizitzan murgilduko da, erronka berriei aurre egiteko bere adrenalina maila neurtuko du, eta duen erresistentzia hainbat lanetan probatuko du.

Laster Ana Urrutiaren 'Implicada' saioa izango dugu berriro ETB2n. Datozen ataletan hainbat egoeratan ikusiko dugu aurkezle ezaguna: Euskadiko gaueko giro eta bizitzan murgilduko da, erronka berriei aurre egiteko bere adrenalina maila neurtuko du, eta bere erresistentzia probatuko du lan ezberdinetan jardunez.

Hasteko, Ana Urrutia gaueko jai giroan sartuko da. Gaua bizi duten hainbat lagunen konpainian, ordu horietako giroa erakutsiko digu. Tabernaz taberna Donostian tragoxkak hartuko ditu koadrila batekin. Horrez gain, Bilboko diskoteka ezagun bateko aparkalekuan botelloila egiten dutenekin egongo da.  Drogak, alkohola eta sexua dira nagusi giro horretan. Ondoren,  Bilboko Mao Mao Beach diskotekara limousinean joateko, etxean prestatu eta makillatu diren hiru neska gazterekin ere ikusiko dugu. Anak diskotekan DJ lana egingo du eta dantzan arituko da gelditu gabe.

Hurrengo atalean, Ana Urrutiak kirol medikuntzan aditua den medikuaren azterketa pasako du erronka berriei aurre egin aurretik, bere adrenalina maila neurtzeko. Zumarragako errekortarien laguntzaz, bigantxa bati egingo dio aurre. Kaikuko traineruan ere jardungo da, Korta patroi duela. Zineko bi adituren eskutik, trikimailu ezberdinak ikasiko ditu: arnes batekin lotuta kotxe batetik arrastaka ibili eta bere burua sutan balego bezala ikusiko dugu.

Hirugarren saioan, Ana Urrutiak hainbat lan estresagarri probatuko ditu. Aguantatzeko eta erresistitzeko duen gaitasuna ikusiko dugu. Batetik,  neskatila lanean ariko da Bermeon, arrainak kargatuz, deskargatuz eta enkantean salduz. Horrez gain, Ander Gonzalez sukaldari ezagunaren sukaldean platerak banatuko ditu, eta jakiak eta postreak prestatzen arituko da ziztu bizian. Peoi lana ere egingo du, morteroak prestatu, obra-hondakinak deskargatu eta pairatzen duen bertigoari aurre eginez aldamio batera igoko da. Azkenik, trebatzaile baten laguntzaz zakurrei jardun ezberdinak erakutsiko dizkie: miaketa, obedientzia eta defentsa.

'Implicada' 22:15ean eskainiko da ETB2n.