telebista
15:00etan
Juan Kruz Igerabide idazleari elkarrizketa, gaur, 'Sautrela'n
A.H.
EITB
Bere azkeneko lana, Zangotraba, aurkeztuko du.
Juan Kruz Igerabide idazle oparoa elkarrizketatuko dute gaur 'Sautrela' saioan. Genero ugari landu ditu eta akaso poesian nabarmendu den arren nagusiki, narratiban ere erreferentzia azpimarragarriak idatzi ditu, besteak beste, Hauts bihurtu zineten eta Elurra sutan nobelak. Eleberria da, halaber, bere azkeneko lana, Zangotraba. Bere obran orain arte ageri ez den genero bat landu du azkenekoarekin, genero poliziakoa, trantsizio garaiko istorio baten bidez. Protagonista Joxe izeneko pertsonaia aski berezia da, bizitza bikoitza duena; alde batetik aduana-agentzia baten burua da, eta bestetik, identitate ezkutu bati esker detektibe lanak egiten ditu. Halaxe ikusiko du bere burua katramilatuta gertakari geroz eta konplikatuagoetan. Politika kontuak, amodio kontuak... denetarikoak konpondu behar ditu Joxek zurrunbilo horretan itoko ez bada.
Erreportajean Marguerite Duras idazle frantziarri buruzkoak ezagutuko dituzte. Izan ere, berriki bete dira ehun urte idazle handi hau jaio zela. Ezbairik gabe XX. mendeko bigarren erdiko literatura frantziarreko autore garrantzitsuenetakoa da Duras, hala nola, Maitalea eta Moderato cantabile eleberrien egilea. Zinemagintzan ere nabarmendu zen, bai gidoigile moduan eta baita zuzendari moduan ere. Haren inguruan jardungo dira beraz: nolakoak dira Durasen literaturaren ezaugarri nagusiak? Nola koka dezakegu garaiko literaturan? Izan al du eragin edo zalerik gure literaturan?
Azkenik, saioarekin amaitzeko, Beñat Sarasolak Bernardo Atxagaren liburu bat ekarriko du. Ez da ziur aski haren lanik ezagunena baina bai berezienetakoa: Groenlandiako lezioa. Hainbat genero nahasten dituen liburua da, hausnarketatik bezainbeste poesiatik eta fikziotik duena. 1999an argitaratu zen eta Atxagaren idazkera pertsonal horren adierazle bikaina da.
'Sautrela' gaur emitituko da, 15:00etatik aurrera, ETB1en.