telebista
22:15ean
'Euskadi Movie', gaurtik aurrera, ETB2ko ordutegi nagusian berriz
A.E.
EiTB
Ondoren, Javier Antonek aurkeztuko duen '¿Me Conoces?' saioa izango da ikusgai.
Gaurtik aurrera, umorea izango da nagusi ETB2n ordutegi nagusian. 'Euskadi Movie' saioa bueltan da (22:15) eta, horrekin batera, hemen dira berriro Andoni Agirregomezkorta, Iker Galartza, Javier Anton, Maribel Salas, Humberto Gutierrez, Diego Perez, Miriam Cabeza eta Asier Hormaza aktoreak. Horren ostean, beste eskaintza interesgarri bat izango da ostiralero: Javier Antonek aurkeztuko duen '¿Me Conoces?' kaleko lehiaketa izango dugu ikusgai. Bikotekideek elkar zenbat ezagutzen duten neurtzea izango da gakoa.
Modan dagoen euskal umorea izango da, beraz, ostiral gauetako eskaintza ETB2n. Javier Garcia de Vicuñak zuzentzen duen 'Vaya Semanita' saioko lantaldeak atal berriak prestatu ditu. Betiko legez, aktualitatea eta umorea uztartuko dituzte, esketx eta filmen parodiak eginez.
Valladolideko eta Hernaniko familia, Nekane Amaya, Chicote, Rajoy, Rubalcaba eta Barcenas izango ditugu gurekin berriro. Film ezagunen egokitzapenak egingo dituzte, berezi-bereziak. Esate baterako, ostiralean, Ocho Apellidos Vascos filma oinarri izango du Valladolid eta Hernaniko familia ika-mikatsuen esketxak. Aste honetan, halaber, Luis Barcenas John Lennon bilakatuko da, eta 'Leit it Be' abestia 'Todo en B' bihurtuko du. Beste eduki batzuen artean, Athleticen konpositorea aurkeztuko digute esklusiban.
Miramongo produkzio zentroan eta Donostia inguruetan grabatzen da ETBrentzat Pausoka ekoiztetxeak egiten duen saioa. 'Euskadi Movie' saioaren lantaldeak erritmo bizian dihardu aste guztian aktualitatea umorez landu eta ikus-entzuleei eduki berri eta zorrotzenak eskaintzeko.
'¿Me Conoces?' aurkeztuko du Javier Antonek
Umorezko saioaren ondoren, '¿Me Conoces?' Javier Antonek aurkeztuko duen lehiaketa estreinatuko da ETB2n. Euskadiko bikoteei desafioa egingo die aurkezleak, batak bestea zenbat ezagutzen duten erakusteko. Posible al da ezezagun batek baten gustu eta afizioak bikotekideak baino hobeto ezagutzea? Erronka zail honi aurre egin beharko diote bikoteek kalean, eta ezezagunen kontra lehiatuko dira Javier Antonen begiradapean.
Lehiaketaren mekanika
Bikotekideek hainbat proba egin beharko dituzte ezezagunen kontra, eta batak bestea kalean ezagutu berri duten pertsona batek baino hobeto ezagutzen dutela erakutsi beharko dute. Proba bakoitzeko 50 euro irabaz ditzakete, eta, aldiko, bikotekideetako batek jokatuko du.
Besteak beste, bi gizonezkok emakume bati gehien gustatzen zaizkion zapatak aukeratu beharko dizkiote. Horrela, neskak bere bikotekideak hautatu dituen zapatak aukeratzen baditu, 50 euro irabaziko ditu, eta bikoteak jolasean jarraitzeko aukera izango du. Ezezagunak irabazten baldin badu, ostera, ordura arte irabazitako guztia galduko dute eta lehiaketatik kanpo geratuko dira.
Bikote bakoitzak sei proba jokatuko ditu gehienez, eta proba bakoitzean 50 euro izango ditu jokoan. Hala ere, hirugarren eta bosgarren probak egin ondoren, lehia bertan behera uzteko aukera izango dute.
Bikotekidearen gustuen arabera, janariak eta arropak aukeratzeko erronka izango dute lehiakideek. Horien ustez, neska-lagunak edo mutil-lagunak gustukoen izango dituen produktuak aukeratu beharko dituzte: ogia, pintxoak, liburuak, zapatak, poltsak, eguzkitarako betaurrekoak, azpiko arropa... Baina plano fisikoan ere, elkar ezagutzen dutela erakutsi beharko dute. Neskak, adibidez, oinutsik dauden lau mutilen artean, bere mutil-lagunaren oinak zein diren asmatu beharko du; mutilak, berriz, bere neskaren idazkera asmatu beharko du, beste lau idazkeraren artean; edo, besteak beste, bikotekidea identifikatu beharko dute sorbaldan masajea emango dioten bost pertsonaren artean.
Lehiaketan parte hartuko duten bikoteak adin guztietakoak izango dira: batzuek oso denbora gutxi daramate elkarrekin, eta beste batzuk duela 40 urte baino gehiago ezkondu ziren.
Pausoka ekoiztetxeak sortutako saioa da. Hainbat herrialdetan saldu dute formatua, eta uda honetan hasiko dira Kanadan emititzen.