Itxi

telebista

Kronika

Irenek irabazi du duelua eta Helis purgatoriora joan da

Ur jauziaren dueluan Irene izan da garailea eta, hortaz, Enekoren etsai nagusia da orain. Helis, bestalde, purgatoriora joan da.

Apurka-apurka 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko final handirako panorama itxura hartzen doa. Rebekak abentura utzi behar izan zuen Inmunitatearen Jokoa hasi aurretik. Benetan gaizki dauka oina, eta saiatu arren, ezin izan zion aurre egin ez jokoari ezta etortzeko dauden beste erronkei ere. Jokoaren aurkezpenean egoteko indarrak atera zituen bilbotarrak, duelua jokatzeko lehen parte hartzailea izateko eta, ondorioz, gainontzeko taldekideren batek jokoa galtzea sahiesteko. Hunkituta joan zen Rebeka eta hain urruti heldu izanagatik harro. Ez du abentura irabaziko, baina Enekorekin duen harremana sari guztietan onena izan daiteke. Denborak esango du.

Eneko bere kasa

Jokoan argi gelditu zen Helisek eta Irenek bat egin zutela eta Eneko garaitzen saiatzeko indarrak batu zituztela. San, bestalde, arraunlariarengana hurbiltzen saiatu zen baina ez zuen ordura arte bere aliatua izan zenaren erantzunik jaso. Rebeka behin joanda, ez entzunarena egin zuen Enekok eta argi utzi zuen bere kabuz jokatuko zuela. Sandra, beraz, baten eta besteen menpe geratu da. Benetan emozio handiko jokoa izan zen. Hainbat orduz elurretan zulatzen egon ondoren, Eneko eta neskak batera sartu ziren sumendiaren kraterrean. Behin barruan, sokatik igoteko txanda lortzea izan zen borroka. Lehenengo Enekok huts egin zuen; ondoren, Irenek eta, azkenik, Sanek. Baina, jakareak ez zuen hutsik egin bigarren aukeran, guaranien estiloan (galtzerdirik gabe eta oinetako hatzekin helduz sokari).

Emozioa nominazioetan

Enekok irabazita, nominazioak egiteko unean iritsi zen emozio handiena. Irenek eta Helisek Sani mendekua hartzeko modua izan zuten, gutxiengo zirenean egindako paktuak zein egoeratan utzi zituen berak ere ondo jakin zezan. Baina, hotza eta kalkulatzailea da bikia, eta Helis konbentzitu zuen, duelua hirurek jokatzeko. Bikiarentzat hiruko hori salbatzeko beste aukera bat da; Helisentzat, ostera, galbidea, izan ere, Enekok ez zukeen aukeratuko bera duelua jokatzeko. Jokaldi bikaina egin zuen Irenek, beraz, eta Enekoren etsai nagusia da orain, (haren ahizparekin zer gertatuko den ikusteko dagola).

Irene, dueluaren garaile

Oso erraza izan zen duelua Irenentzat. Ur jauzia jumarrean igo zuen, bildurtzeko arintasunez. Sanek ez zuen gaizki egin eta bigarren lekua lortu zuen. Helisek, ostera, psikologikoki jota hasi zuen duelua eta Purgatorioan bukatu zuen. Irenek eman zion lehen kolpea; ikusiko dugu orain Sheilak akabera emango dion.