Itxi

telebista

Gaur, zuzenean

Olaizola II-Julen Retegi eta Giroko azken etapa, ETB1 eta eitb.com-en

A.A.

EiTB

Nastic-Sestao River Bigarren B Mailako partida ere zuzenean emango da.

Zuzeneko hiru kirol emanaldi egingo ditu Euskal Telebistak gaur: Italiako Giroko azken etapa, Buruz Buruko Txapelketako Olaizola II-Julen Retegi norgehiagoka eta Bigarren B Mailako Nastic-Sestao River partida. Hirurak eitb.com-en ere zuzenean jarraitu ahal izango dira.

15:00etatik aurrera izango da ikusgai ETB1en Italiako Giroko azken etapa, Gemona del Friuli-Trieste. Fermin Aramendi eta Xabier Usabiaga izango ditugu berriemaile.

Txirrindularitzak pilotari emango dio lekukoa. Atano III.ean izango dira ETBko kamerak, Buruz Buruko Txapelketako Olaizola II-Julen Retegi partida eskaintzeko. Atarikoan Ezkurdia-Cecilio eta Jaunarena-Zubieta bikoteak izango dira nor baino nor, eta jaialdia amaitzeko, Mendizabal III-Merino I eta Jaka-Pascual. Kontakizuna Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak egingo dute zuzenean.

19:00etan, Bigarren B Mailako futbolaren tartea zabalduko dute ETBKn. Xabier Anduezak eta Juanan Larrañagak playoffetako Nastic-Sestao River partidaren berri emango dute.

Futbola, herri kirolak, fitness, zesta eta arrauna

Beste bi futbol emankizun ere egingo ditu Euskal Telebistak igandean ETBKn. 10:30ean, gaztetxoen mailako Danone Nations Cup torneoa, eta 14:00etan, Piru Gaintza torneoko finala. Jorge Cerrato izango dugu esataria bi emanaldietan, Lutxo Iturrino eta Angel Garitano Ondarru lagun dituela.

ETB1en, 11:00etan J.R. Iruretagoienaren marka saiakeraren laburpena egingo du Koldo Aldalurrek eta jarraian, Euskadiko Fitness txapelketa izango da ikusgai Angel Maguregi eta Alicia Gonzalezen komentarioekin. 13:30ean, Mutrikun jokatutako traineru estropaden laburpena egingo du Juanan Legorburuk.

Amaitzeko, zesta puntako bi emanaldi izango dira ETBKn: 12:10ean, BBK sariko finalak eta 21:00etan Pro-Am txapelketako Bartzelonako sariko finala. Iñigo Aiestaran izango dugu berriemaile Felix Espilla eta Jabier Arkarazo lagun dituela.