telebista
Saio berria laster
'Itxuroso', look aldaketa eskaintzen duen saioa, ETB1en
A.E.
EiTB
Maite Eskarmendik eta Unai Goikoleak aurkeztuta, euren itxurarekin gustura egon ez edo aldatu nahi duten lau pertsonari irudi berria emango diete astero.
-
Maite Eskarmendi eta Unai Goikolea, Itxurosoko aurkezleak
Euskal Telebistak 'Itxuroso' saioa estreinatuko du laster bere lehen katean. Euskaldunon irudia aldatu eta hobetzen saiatuko dira Maite Eskarmendi kazetaria eta Unai Goikolea artista. Nahi eta behar ezberdinek motibatuta, look berri baten bila dabiltzan lau pertsona hartuko dituzte astero programan.
Andoni Urzelaik zuzenduta, 'Itxuroso'ko platoan gazteak zein helduak ikusiko ditugu. Besteak beste, modernoa izan nahi duen 88 urteko andre maitagarria, haurdunaldiak kilo pare bat utzi dizkion ama bilbotarra eta 30 urte betetzear estilo sofistikatuagoa nahi duen neska ezagutuko ditugu. Aurpegi ospetsuak ere jarriko dira moda adituen eskuetan. Eva Arguiñano gozogilearen eta Koikili Lertxundi futbolariaren itxuraldaketa ikusi ahal izango dugu, adibidez.
Maite Eskarmendi kazetariak eta Unai Goikolea sortzaileak arropa proposamen ezberdinak egingo dizkiete gonbidatuari look berrirako. Parte hartzaileak jantziak probatuko ditu, eta ondoren visagismo azterketa egingo diote, aurretik bere irudia aztertuko dute, alegia. Begiak estalita dituela, ile-apainketa eta makillaje prozesua biziko du, itxuroso jarri aurretik. Hauxe izango da, zalantzarik gabe, saioaren puntu gorena: Maitek eta Unaik zapia kenduko diote, eta une horretan protagonistak ispiluan islatuta ikusiko du bere itxuraldaketa. Emozioak gainezka egingo du, protagonistaren senide edo lagunaren erreakzioarekin batera. Aho bete hortz geratuko dira denak!
'Itxuroso' saioa ilusio eta emozio handiko unez josita egongo da. Itxuraldaketa nabarmenak erakutsi ez ezik, azken joerak eta moda aholkuak ere eskainiko ditu.
Bainet ekoiztetxeak ETBrentzat egindako proiektu berriak saio trendya, gaztea eta freskoa dakar pantailara.