telebista
21:55ean
Jose Luis Kortaren bizitzari errepasoa, gaur, '6 Argazkitan' saioan
A.A.
EiTB
Arraunaz eta 'Conquistador' saioko esperientziaz mintzatuko da, besteak beste, oriotarra.
Jose Luis Korta hartuko du protagonista '6 Argazkitan' saioak asteon. Orion mutil koxkorra zen garaietatik hasi eta gaur egunera arteko bizipenak ekarriko ditu gogora arraunlari ohi, patroi, entrenatzaile eta 'El Conquistador del Fin del Mundo'ko kapitain ezagunak.
Lehen argazkiak haurtzarora eramango gaitu, Ortzaikako auzokide lagunekin erreka ondoan bizitakoak, aitonari batela ebasten zionekoa, Orio herriko lagunak, 14 urterekin lanean hasi zenekoa.
Kortaren arraun ibilbideak tarte nabarmena izango du saioan: Orio, Lasarte Michelin, Kaiku-Sestao, Castro... Ia bizitza osoa eman du kirol honetan, arraunlari, patroi edo entrenatzaile gisa. Ezin ahaztu, gainera, skiff edo banku mugikorrean osatu zuen ibilbide oparoa, hainbat Espainiako Txapelketetan eta Moskuko Joko Olinpikoetan parte hartzeko aukera eman zion jarduera. Arraun kontuetan, Kontxako Bandera preziatuari buruz eta Urdaibairekin duen aferari buruz mintzatuko da ortzaikarra.
Arraunak batetik bestera eraman du Korta eta haren familia. Biziki eskertuta dago Korta Margari emazteari eta bere hiru seme-alabei, beti ondoan izan dituelako. Luze eta zabal mintzatuko da eurei buruz ere Korta bera eta Idoia alaba ere bai.
Azkenik, ezin ahaztu ETB2ko 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioan bizitako abentura eta esperientziak. Julian Iantzirekin batera gogoratuko ditu.