telebista
22:15ean
Juliette Binoche eta bizitzako plazerrak, 'Chocolat' filmean
L.A.
EiTB
Txokolate denda batek herri txiki eta kontserbadore bateko herritarrengan eragingo duen balio gerra erakutsiko digu alegia gisa kontatuta dagoen film honek. Gaur, 22:15ean, ETB2n.
Larunbatean, Chocolat filma eskainiko du ETB2k. Juliette Binoche, Judi Dench, Alfred Molina eta Johnny Depp dira protagonistak komedia erromantiko honetan. Lasse Hallström zuzendari suediarrak eraman zuen zinemara Joanne Harrisek 1999an idatzitako izen bereko eleberria.
Vianne Rocher (Juliette Binoche) eta bere alaba Anouk (Victoire Thivisol) Lansquenet herrira iritsi ostean, Frantziako herri txiki eta kontserbadorean eragingo duten iraultza kontatuko digu filmak. Herritarrak iraganean eta aurreiritzietan ainguratuta daude. Viannek txokolate denda bat irekiko du herrian, eta hasieran sektore zehatza kontra izango duen arren, apurka-apurka bere txokolateekin herritar guztiak bereganatu egingo ditu.
Film osoan zehar ikusiko dugun moduan, tentazio eta bizitzako plazerren metafora izango da txokolatea. Gozo honek gerra piztuko du herri kontserbadore honetako herritarren artean eta baita herritar bakoitzaren barnealdean ere, debekua, tentazioa, errepresioa, intolerantzia, hipokresia, eta batez ere, askatasuna moduo gaiak agerian utziz.
Gaur, 22:15etik aurrera ETB2n, ez galdu ahoan zapore gozoa utziko dizun Chocolat filma.