Itxi

telebista

22:00etan

'GI-631' Urretxu-Zumarragako herri opera, gaur gauean, ETB1en

A.A.

EiTB

Iragan ekainaren 21ean Urretxuko Ederrena pilotalekuan grabatutako ikuskizunak musika, antzerkia, dantza, bideoa, argazkilaritza, margolaritza eta beste zenbait disziplina uztartzen ditu.

'GI-631' Urretxu-Zumarragako herri opera eskainiko du Euskal Telebistak gaur, gaueko hamarretan, bere lehen katean. Urretxuko eta Zumarragako 600 herritar baino gehiago protagonista dituen ikuskizuna dugu, disziplina ezberdinak uztartzen dituena: musika, antzerkia, dantza, bideoa, argazkilaritza, margolaritza… Joan den ekainaren 21ean grabatu zen Urretxuko Ederrena pilotalekuan.

Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak abian jarritako egitasmoa dugu 'GI-631' opera, eta 600 artista baino gehiagoren elkarlanari esker gauzatu ahal izan da. Jon Plazaola ETBko aurkezleak idatzitako gidoia du, eta Joseba Apaolaza eta Barbara Rivas aktoreen parte hartzea ere izan du.

'GI-631' herri operak dakarkigun istorioa denboran zehar egindako bidaia bat izango da. 2383. urtetik, etorkizunetik abiatuta, protagonistek denboran atzera egingo dute historian barrena, bi herriek utzi duten ondare kultura bildu eta etorkizunera eramateko, garai horretan Urretxuk eta Zumarragak galdua duten nortasuna berreskura dezaten.

Antzerkiaren eta bideoaren bidez erakutsiko den istorio hori ildo gisa hartuta, bi herrietako konpositoreek idatzitako musikarekin eta beste zenbait adierazpen artistikorekin uztatuta osatutako ikuskizuna da.

Urretxu-Zumarragako herri opera, gaur gaueko 22:00etan, ETB1en.