telebista
21:35ean
'Goazen gudari danok' dokumentalaren estreinaldia, gaur, ETB1en
A.H.
EITB
1936. urteko Zirardamendiko batailaren nondik norakoak aztertuko ditu dokumentalak, eta historian gertaera hark izan zuen garrantzia aztertzen du.
Gaur, Euskal Telebistak Goazen gudari danok dokumentala estreinatuko du ETB1en. 1936ko irailaren 25ean Elgoibar eta Markina artean, Zirardamendin, izandako batailaren nondik norakoak azalduko ditu dokumentalak, eta Euskadiren historian gertakari hark izan zuen garrantziaren berri emango du. Fikzioaren bidez egituratuta, batailaren lekukoen eta historialarien testigantzak bilduko ditu saioak, eta Xabier Usabiagak horren inguruko solasaldia gidatuko du dokumentala ikusi ondoren. Datorren astean, irailaren 25ean, ETB2k eskainiko du Baleukok ekotzitako dokumentala.
Zirardamendiko bataila eta gudariak hobitik ateratzea
Hirurogeita hamar urteren ondoren, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek Elgoibar eta Markina artean dagoen Zirardamendin lurperatutako lau gudariren gorpuzkinak atera dituzte lurpetik. Gudari gazteak dira, Arana Goiri batailoiko kideak, 1936ko irailaren 25ean Zirardamendin erreboltarien aurka izan zen batailan hil zirenak. Horietako bakoitzak bala batek egindako zulo bat dauka burezurrean. Gorpuzkinak oso hondatuta daude, baina horietako bat Sabin Atutxa dela egiaztatu dute, DNA proba eginez.
1936ko irailaren amaieran, Gipuzkoa galdu ostean, Bizkaia ere Errepublikaren aurka matxinatutako erreboltarien eskuetan erortzeko arrisku betean zegoen. Egun horietan, Sabinek eta bera bezala Errepublikaren alde borrokan ziharduten boluntarioek, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugan gogor eutsi zioten fronteari. Horrela izan ez balitz, Euskadi osoa matxinoen esku geldituko zen, eta Jose Antonio Agirre lurralde gabeko aberri baten lehendakari besterik ez zen izango. Izan ere, Arana Goiri batailoiko kideak irailaren 25ean Zirardamendin borrokatu zirelako egonkortu zen frontea. Odorioz, Autonomia Estatutua onartu eta Eusko Jaurlaritzak zazpi hilabetez Euskadin agintzeko eta bere lehentasunak abian jartzeko aukera izan zuen.
Aranzadik gorpuak lurpetik atera eta Sabinen sendia abiapuntutzat hartuta, Goazen gudari danok dokumentalean Zirardamendiko batailaren nondik norakoak deskribatuko dira, eta historian gertaera hark izan duen garrantziaren berri emango da.
Elkarrizketak eta fikzioa
Dokumentala elkarrizketen eta fikzioaren bidez egituratu dute. Elkarrizketei dagokienez, lekukoek eta historialariek 1936ko irailaren amaieran Markinako frontean eta Euskal Herrian gertatutakoaren berri emango dute (Josu Txueka, Iñaki Goiogana eta Patxi Juaristi) eta antropologian eta genetikan adituek, berriz, lurpetik atera dituzten gorpuen berri emango dute (Paco Etxeberria, Lourdes Herrazti eta Marian Martinez de Pancorbo).
Fikzioaren bidez, bestalde, Arana Goiri batailoiaren sorrera, Zirardamendiko bataila eta Eusko Gudariak goraipatzen dituen abestiaren sorrera irudikatuko dira. Grabazioetan 200 figurantek baino gehiagok parte hartu zuten, eta denek garaiko uniformea jantzi eta gerra zibilean erabilitako fusilen erreplikak erabili zituzten. Horrez gain, garaiko autobus txiki bat eta kamioneta bat ere erabili zuten filmazioan. Gudariek Bilbon instrukzio eta entrenamendua jaso ondoren, hiriburutik Zilarramendirako bidea horrelako autoetan egin baitzuten. Edu Barinagarena eta Ivan Gonzalezena izan da gidoiaren eta zuzendaritzaren ardura.
1936ko irailean gertaera asko pilatu ziren, eta gaur egun ozta-ozta gogoratzen diren arren, Euskadiko historian berebiziko garrantzia izan zuten. Goazen gudari danok dokumentalaren bitartez, gertaera haiek lurpetik argitara atera eta Euskal herriaren historian dagokien lekua eman nahi zaie.
Emanaldiaren ondorengo solasaldia
Dokumentala gaur estreinatuko da ETB1en, 21:30ean, eta, ondoren, Xabier Usabiagak gertakari horien inguruko solasaldia gidatuko du. Solasaldirako mahaiaren inguruan, Jokin Bildarratz, Luis Aranburu Altuna, Joseba Ezeolaza, Manu Aguirre eta Julen Arzuaga bilduko dira.