telebista
Gaurko
Oñatin, Zeanurin, Oronoz-Mugairin eta Elosuan izango da 'Herri People'
A.H.
EITB
Besteak beste, Oñatiko postaria, momentuko txinga txapelduna, gurean geratzen den azken buztingilea eta Gorbeiako artzainetako bat ezagutuko ditu Ibon Gaztañazpik.
Joan den astelehenetik ikusgai dago ETB1en 'Herri People' saioa, Ibon Gaztañazpi kazetariak gidatuta. Euskal pertsonaien bilduma osatzea du helburu erreportaje saio honek, ogibide ezberdinetan aritzen diren herritarren istorioak ezagutzera emanez.
Astelehen honetako 'Herri People' saioa Oñatin izango da. Bertan, Angel Mari Milikua postariarekin batera Arantzazu inguruko baserrietan postari lanetan ibiliko da Ibon Gaztañazpi. Eguneko posta banatzeaz gain, baserritarrekin duen gertuko harremanaz gozatuko du Ibonek.
Euskal Herrira bizitzera etorri den Barry Manley irlandarrarekin ere izango dira asteleheneko saioan. Musikaria eta umorista izateaz gain, gertuko pertsona ere bada. Tarte bikaina pasatuko du Ibon Gaztañazpik berarekin.
Herri-kirolak ohikoak dira gure inguruan, baina Brasilen ere horrela al da? Oronoz-Mugairin entrenatzen ibiltzen da Xanta Souza brasildarra, eta egungo txinga txapelduna da. Berarekin izango dira 'Herri People' saioan, baita bertan entrenatzen duten emakume kirolari gehiagorekin ere.
Zeanurin, berriz, Enrike Etxeberria bisitatu dute, Gorbeia inguruan geratzen den azken artzainetako bat. Hilabeteak ematen ditu Arratiako mendietan artaldea zaintzen.
Amaitzeko, Elosuan bizi den Blanca Gomez de Segura bisitatu du Ibon Gaztañazpik, gurean geratzen den azken buztingileetako bat.
'Herri People' astelehenero emitituko da, 23:15ean.