Itxi

telebista

Gaur, 21:30ean

Atano X.a pilotari ohiaren bizitzari errepasoa, '6 Argazkitan'

A.A.

EiTB

Familiako zenbait kide eta berarekin pilotan aritutako hainbat lagun izango ditu alboan Luziano Juaristik.

  • Atano X.a. Argazkia: EiTB

    Luziano Juaristi 'Atano X.a'. Argazkia: EiTB

Luziano Juaristi Atano X.a pilotari ohiaren bizitza eta ibilbide profesionalari errepasoa egingo dio Pedro Mari Goikoetxeak igaurko '6 Argazkitan' saioan.

Luziano Juaristi, Atano X.a, Azkoitian jaio zen. Bost anai arreba izan ziren eta horietako birekin gogoratuko ditu haurtzaroko garaiak, Mari Karmenekin eta Laurarekin, hain zuzen ere. Azkoitiko udaletxearen Kontzejupea ere bisitatuko dute, han hasi baitzen pilotan Luziano.

Alberto Juaristi Atano XII.arekin eta Juan Mari Juaristi Atano XIII.arekin Atano baserriaren aurrean elkartuko dira. Luzianoren aitak eman zion hasiera atanotarren sagari. Atano izateak suposatzen duenaz mintzatuko dira bertan eta, batez ere, Mariano Juaristi Atano III.az (Luzianoren osaba), historiako pilotaririk onenetakotzat eduki baitute.

Pilotari ibilbideko beste hainbat pasarte gogora ekartzeko, Luis Juaristi Atano IX.a (Luzianoren anaia), Iñaki Elguea, Jesus Garcia Ariño eta Jokin Errasti ere izango dituzte saioan.

Pilotaz gain, Luzianoren bizitza nolakoa izan den kontakizuna osatuko dute Ignacia emazteak, Juanjo eta Luziano semeek eta lau bilobek. Halaber, Oiartzunen izan zuen Atamitx jatetxeari buruzko gorabeherak ekarriko ditu bertako langile izan zen Jesusek.

'6 Argazkitan' saioa gaur egongo da ikusgai, 21:30ean, ETB1en.