telebista
22:15ean
'Los Misterios de Murdoch' telesaila estreinatuko du gaur ETB2k
EiTB
1890eko hamarkadan dago girotuta, eta detektibe baten ikerketak kontatzen ditu.
-
Telesaileko protagonistak
Gaur, ETB2 kateak 'Los Misterios de Murdoch' izeneko telesaila estreinatuko du. Ekoizpen kanadarra 1890eko hamarkadan dago girotuta, eta garai hartarako aitzindaria zen detektibe baten ikerketak kontatzen ditu.
William Murdoch (Yannick Bisson) polizia-inspektorea gizon aurreratua da bere garairako. Murdochek hiriko misterio handienak ikertzen ditu, orduko gizartearentzat berriegiak ziren metodoak erabiliz; besteak beste, hatz-aztarnak ikertzen ditu eta egiaren makina erabiltzen du. Horretan, bere nagusia den Brackenreid inspektorearen babesa du Murdochek.
'Los Misterios de Murdoch' telesailak protagonistaren bizitza pertsonala ere erakutsiko du. Brackenreid (Cold Meaney) inspektorearen babesean egiten du lan Murdochek. Lakindeen arteko adiskide harremanak, maitasun harremanak eta garaiko gizarteko gorabeherak kontatuko dira atal bakoitzean.
Lantalde oso hurbila du inguruan Murdochek. Julia Ogden (Hélène Alegría) patologoak egiten du berarekin lan, eta ikerketarako grina bera dute biek. George Crabtree (Johny Harris) dute lagun; gizon lehiatsua da, baina oraindik ez du eskarmentu handirik. Lankide oso baliotsuak dira biak, eta gizarte victoriar horretan jazotzen diren gertaera ilunak ikertzeko laguntza handia ematen diote Murdochi.
Lehen atalean, Murdochek enpresa batean izandako hilketa bat ikertuko du. Hiriko energia hornitzaileen arteko lehiak emakume baten hilketa eragingo du, eta ikertzaileak eta bere taldeak kasua argitu beharko dute.
'Los Misterios de Murdoch' telesailak Maureen Jennings idazle kanadarraren liburu-sorta du oinarrian. Misterioa, umorea eta maitasun kontuak tartekatzen ditu Jenningsek. Gainera, XIX. mendeko pertsonaia nabarmenak berreskuratzen ditu: Nikolas Tesla asmatzailea eta Arthur Connan Doyle idazle ospetsua, esate baterako.
Telesailak historia erreala eta fikzioa nahasten ditu, eta, liburuaren ildoari jarraituz, hainbat personaia historiko ditu protagonista; Buffalo Bill, Annie Oakley, HG Wells, Jack London, Winston Churchill eta Thomas Edison, besteak beste.
Esan bezala, Murdochek aurrean izango dituen kasuen bidez, zientziaren aurrerapenak ikusi ahal izango ditugu, eta, bide batez, XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran zenbait asmakizunen bidez (korronte alternoa, X izpiak, telefonoa, odol-analisia, egiaren makina…) bizitza nola aldatu zen ikusiko dugu.
Hau guztia, 'Los Misterios de Murdoch' telesailean, gaur, 22:15etik aurrera, ETB2n.