telebista
ETB1en
Luis Iriondorekin, gaurko '6 Argazkitan' saioan
A.A.
EiTB
Aktorea, musikagilea, abeslaria, gidoilaria, ekoizlea... Azkoitiar ospetsu honen bizitzari begirada emango dio Pedro Mari Goikoetxeak.
Luis Iriondo hartuko du protagonista aste honetako '6 Argazkitan' saioak. Aktorea, musikagilea, abeslaria, gidoilaria, ekoizlea… Jarduera ezberdinetan aritutako azkoitiar ospetsuaren bizitzari begirada emango dio Pedro Mari Goikoetxeak igandean, 21:30ean.
Luis Iriondo Etxaniz Azkoitian jaio zen, bost senideko familia batean. Haurtzaroko oroitzapenak kontatuko dizkigu lau anai-arrebekin batera. Oso gazterik sortu zitzaion espektakuluarenganako maitasuna, Londresera egindako bidaia batean, eta handik bueltan Kontrapunto taldea osatu zuen. Orduko kontuak gogora ekarriko ditu Victoria Eugenia antzokian.
Pixkanaka musika munduan oso ezagun egiten hasi zen, kantari bezala eta batez ere konpositore bezala. Harreman estua eduki zuen Mocedades taldearekin, eta esker moduan, Amaia Urangaren sorpresa jasoko du Luisek.
Xabier Madina azpeitiarra izan zen Luisek gidatu zuen beste artistetako bat, eta berarekin ere elkartuko dira. Bide batez, Manolo Escobar, Sara Montiel eta Concha Velasco bezalako artistekin izandako bizipenak kontatuko ditu.
Kantari ez ezik, aktore ere izan da Luis hainbat eta hainbat pelikulatan: El Pico, Kareletik, Gran Sol, Oraingoz izen gabe, Companys… Horien guztien zatitxoak erakutsiko ditu '6 Argazkitan' saioak eta orduko bitxikeriak ekarriko ditu gogora Luisek Felix Arkarazorekin batera.
Musikaz eta filmez gain, ETBko aurreneko zuzendaria izan zen Luis. Garaikoetxeak hala eskatuta, bere gidaritzapean martxan jarri zen ETB. Garai hartan, aurreneko emisiorako egun gutxi falta zirela, David Barberok egindako elkarrizketa ikustearekin batera, ibilbide hartako xehetasunak azalduko ditu.
Bukatzeko, Luisen zazpi ilobek osaba nolakoa den azalduko dute.