telebista
22;30ean
Añanako kuadrillako gastronomia, gaurko 'No es País para Sosos' saioan
A.H.
EITB
Gaurko saioan, Gorka Aginagalde aktorea izango dute gonbidatu Ramon Rotetak eta Ander Gonzalezek.
-
'NEPPS', Añanan. Argazkia: EiTB
Gaur, Añanako kuadrillako gastronomia ezagutuko dute 'No es País para Sosos' saioan. Ramon Roteta eta Ande Gonzalez sukaldariek Gorka Aginagalde aktorea izango dute abentura gastronomiko honetan bidelagun. Jaiotzez gasteiztarra izan arren, Gorkak oso ondo ezagutzen ditu Arabako bazterrak, eta bi sukaldarien arteko lehian epaile lana egingo du.
Añanako kuadrilla: gure gastronomiako gatza
Ramon eta Ander Gesaltza Añanan elkartuko dira Gorka Aginagalderekin. Bertan, Los Canonigos jatetxeko Paul Larruscain sukaldari donostiarrak bi plater oso berezi aurkeztuko dizkie. Jakiek Añanako gatza izango dute oinarri.
Gaubeako mendietan hasiko du Anderrek bere bakarkako abentura. Bertan, ehiztari talde batek orkatza ehizatzen erakutsiko dio, txakurren laguntzarekin. Ondoren, Valderejo Etxea jatetxearen eskutik, orkatz gisatua jango dute.
Bitartean, Ramon Leyre Berrocal aktorearekin bilduko da Trespondeko zubi erromatarrean. Bertako lorategi botanikoa bisitatuko dute, eta eskualdeko mendiek gordetzen dituzten sekretu mikologikoak ezagutuko dituzte. Amaitzeko, ziza horiak prestatuko dituzte.
Gorkarekin Gesaltza Añanako kaleetan bilduko dira berriro ere. Bertan, Arabako bola-jokoan arituko dira, Palacio de Añana jatetxean bazkaldu aurretik.
Ondoren, Estavilloko El Viso jatetxean hitzordua izango du Ramonek, eta kanguru-azpizuna dastatuko du bertan. Ander, bere aldetik, Josu Feijoo lehen astronauta euskaldunarekin elkartuko da Sobronen.
Amaitzeko, Baronako Dorretxean bi sukaldarien arteko lehiaren lekuko izango da Gorka Aginagalde. Nork jasoko du hobeto Añanako gastronomiaren esentzia bere jakietan? Nork irabaziko du? Zein zigor pentsatu ote du Gorkak galtzailearentzat?
'No es País para Sosos' gaur gauean, 22:30etik aurrera, izango da ikusgai, ETB2n.