telebista
22:30ean
'Iñaki & Cía' ETB2n bueltan, gaur, Fito Cabrales gonbidatu duela
A.E.
EiTB
Fito izango da lehen gonbidatua, eta Fermin Muguruza, Amaia Montero, Iñaki Gabilondo, Jon Sistiaga, Julio Salinas, Efren Vázquez eta Carlos Soberarekin ere egongo da Iñaki Lopez.
-
"Iñaki&Cia"
'Iñaki & Cía' saioaren lehen denboraldi arrakastatsuaren ondotik, gaur, berriro izango da Iñaki Lopez ETB2n gonbidatu sorta berriarekin. Horiei buruz mundu guztiak dakizkien gauzez hitz egingo du horiekin, baina batez ere gutxik dakizkiten kontuak izango dituzte hizpide. Hasteko, Fito Cabrales kantariari egingo dio bisita aste honetan Lopezek.
'Iñaki & Cía' saioak hainbat arlotako gonbidatuak izango ditu, baina guztiak bat datoz gauza batean: egiten duten horretan oso onak dira. Askok Euskal Herritik kanpo ematen dute denbora gehiena, baina etxera itzultzen dira denak indarrak berreskuratzera.
Fito Cabrales, Fermin Muguruza eta Amaia Montero musikariak; Iñaki Gabilondo eta Jon Sistiaga kazetariak; Julio Salinas eta Efren Vázquez kirolariak, eta Carlos Sobera aurkezlea ditugu gonbidatuen artean. Besteak beste, lanaz, kezka pertsonalez, politikaz, sufrimenduaz eta maitasunaz hitz egingo dute Iñaki Lopezekin. Honek bisita egingo die, eta gonbidatuek euren etxean eta bizitzan hartuko dute ordu batzuetan.
Iñaki, Fitorekin
Fito Bilboko musikari arrakastatsuak tartea egingo du bere agendan Iñakirekin egoteko. Iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzatuko dira elkarrekin.
Lanpetuta dabil Fito; diskoa atera berri du, kontzertu sortan buru-belarri sartuta dago, eta aita izan da berriro. Beldurtu beharrean, ilusioz betetzen duten erronkak dira horiek guztiak Fitorentzat.
Hitzordua, nola ez, bera jaio eta Cabralesdarrak bizi izan ziren auzoan izan da. Bere bizitzan giltzarri izan ziren lekuetan barrena bisita gidatua egingo dio Lopezi bizitza musikarik gabe imajinatu ere egiten ez duen artista honek.
Hiria nola aldatu den eta bera ere nola aldatu den azalduko du kamera aurrean Fitok. Musika munduan eman dituen 25 urteez arituko da, eta bere hastapenak kontatuko ditu Bilboko 'rock-and-rollaren bulegoetan', gaur egungoak baino garai hobeak izan dituen Umore Ona lokalean, eta Mugan, besteak beste.
Iñaki Lopez gustura egongo da musikariarekin denetariko gaiei buruz hitz egiten. Gauak dituen arriskuei aurre eginez, urtebeteko birak egiten dituela kontatuko dio. Halaber, familia ugariko aita ere badenez, egun argiz egiten duen bizitzaz arituko da; egunero 10 kilometro egiten ditu korrika sasoian egoteko, bere burua zaintzeko, 48 urterekin ondo egoteko zaindu egin behar dela uste baitu.
Fito auzo giroan hezi eta hazitako mutil apala da gaur egun ere. Bere arrakastarekin gozatzen du orain, baina ez du ahazten orain arte egindako bidea. Hartara, Iñakirekin batera, bere lagun eta lankideekin ere egongo da. Berak dioen legez, apurka-apurka idatzi den istorio honen protagonistekin egongo da.
'Iñaki & Cía' 22:30ean izango da ikusgai, gaur gauean, ETB2n.