telebista
22:15ean
'Azaroak 20, zorigaitzeko eguna' erreportajea, gaur gauean, ETB1en
A.E.
EiTB
Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenean, hainbat ikuspegi jorratuko ditu erreportajeak: senideena, hedabideetan lanean ziharduten profesionalena, politikari ohiena eta abokatuena.
Azaroak 20, zorigaitzeko eguna erreportajea eskainiko da gaur, 22:15ean, ETB1en. Bertan, duela 30 urte Santi Brouard eta duela 25 Josu Muguruza hil zituztela gogoratuko dute, eta hainbat ikuspegitatik aztertuko dituzte hilketa horiek.
Edurnek eta Anek badute ezaugarri komun bat: azaroaren 20an, bost urteko aldearekin, aita galdu zuten. Harrezkero, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren alabek heriotzaren oinazeari prozedura judizialen garraztasuna gehitu behar izan diote. Hiltzaileek ez zuten, gainera, data besterik gabe aukeratu: Franco diktadorea eta Jose Antonio Primo de Rivera Espainiako Falangearen sortzailea hil ziren egunean hil zituzten biak. Ezkutuan jarraitzen dute, ordea, hilketa horiek agindu zituztenen izenak eta judizioak ikerketa sakonik gabe amaitzearen egiazko arrazoiak.
Bide horretatik, Azaroak 20, zorigaitzeko eguna erreportajean, hainbat ikuspegitatik aztertuko dira gertaerak. Batetik, senideen bizipenak eta sentimenduak Edurne eta Ane alaben bidez jasoko dira. Bestetik, urte haietan hedabideetan lanean ziharduten profesionalek gertaeren nondik norakoak azalduko dituzte (GALen sorrera, erredakzioetan jasan zuten presioa, mehatxuak...), Adolfo Roldan, Andoni Ortuzar eta Teresa Toda kazetariena, esate baterako: GAL taldearen berri eman zuen lehen kazetari taldekoa da lehenengoa, Deia egunkariko kazetaria zen garai hartan eta EBBko burua da gaur egun bigarrena, eta Josu Muguruza hil zuten egunean harekin mahai berean eserita zegoen Egin egunkariko korrespontsala da hirugarrena.
Horri lotuta, zurrunbilo politikoari eta gertaerek Euskal Herriko agendan izan zuten eraginari buruz hitz egingo dute politikari ohi batzuek (Miguel Castells). Azkenik, Txema Monterok eta Kepa Landak prozedura judizialen nondik norakoen inguruko hausnarketa egingo dute, baita gertakari haiek lehen pertsonan bizi izan zituzten bi pertsonaren testigantza.
Santi Brouard hil zutenetik 30 urte igaro dira, eta 25 urte, berriz, Josu Muguruza hil zutenetik. Auzitegiek justizia herritar guztiei neurri berean ezartzeko legezko betebeharra izan arren, Edurne Brouarden hitzetan, "gurean gertatu dena ez zen gertatuko ez balira izango hiltzaileak direnak eta hildakoa dena".